Xarmaginak eta bertSora taldeen artean jokatuko da Debabarreneko Herriarteko finala
Eibarko Xarmaginak eta Soraluzeko bertSora taldeak sailkatu dira Debabarreneko Herriarteko finalean. Finala martxoaren 14an jokatuko da, Mutrikuko Gaztetxean, 20:00etan hasita. Aurretik, 18:00etan, trikipoteoa egingo dute giroa berotzeko; kalejira gaztetxetik abiatuko da.
Txapelketaren egitura
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa hainbat fasetan antolatu dute. Lehen fasean, saioak eskualde bereko taldeen artean jokatzen dira. Hortik eskualde bakoitzeko irabazle bat ateratzen da, eta bigarren fasean elkarren ondoko eskualdeetako taldeak lehiatzen dira.
Kasu honetan, apirilaren 25ean izango da hurrengo hitzordua: Debabarreneko talde irabazleak Debagoienako taldearen aurka kantatuko du. Saio hori irabazten duenak maiatzaren 16an jokatuko den finalaurrekora pasako da.
Bestalde, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finala maiatzaren 30ean egingo da, Aian.
Antolatzaileek aurrerago emango dute saioen inguruko informazio gehiago.