Zabalik da Debegesaren Gure Balioak 2026 Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak Gure Balioak 2026 Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu du. Urriaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak, eta aurten ere hiru kategoria sarituko dituzte: Bizitza osoko ibilbidea, Gazte ekimena eta Gizarte ekimena. Debabarreneko pertsona eta proiektuen konpromisoa eta gizarte-balioak aitortzea da sarien helburua. Debegesak sustatu eta antolatzen ditu, Laboral Kutxaren babesarekin.
‘Bizitza osoko ibilbidea’ kategorian, pertsona batek bere bizitzan edo ibilbidean zehar ordezkatu dituen gizarte-balioak aitortuko dituzte. Irabazleak Oihane Ortega artistaren Muin-fluxua obra jasoko du.
‘Gizarte ekimena’ kategoriak, berriz, gizartean eragin positiboa duten eta komunitateen bizi-kalitatea edo ongizatea hobetzen laguntzen duten proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatzen dituzten gizarte-erakundeak saritu nahi ditu. ‘Gazte ekimena’ kategorian, Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartuko dituzte. Bi kategoria horietako irabazleek 2.000 euroko saria jasoko dute eskudirutan, Laboral Kutxaren babesari esker.
Integritatea eta lankidetza, ardatz
Gure Balioak sarien bidez, Debabarrenean garapen iraunkorra sustatzeko garrantzitsuak diren balio sozialak indartu eta aitortu nahi ditu Debegesak. Horien artean daude integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza, eta balio horietan erreferente diren eskualdeko pertsonak eta ekimenak nabarmentzea da sarien asmoa.
Sariak 2010etik 2020ra urtero banatu zituzten. 2024tik aurrera, berriz, bi urtean behin egiten dira, eta hiru kategoriatan banatzen dira.
Hautagaitzak aurkezteko epea
Edozeinek aurkez dezake hautagaitza, bai bere burua edo proiektua proposatuta, bai beste pertsona edo ekimen bat aurkeztuta. Urriaren 16a izango da azken eguna, egun hori barne. Proposamenak aurkezteko, Debegesaren webguneko sari bakoitzari dagokion formularioa bete behar da. Zalantza edo arazoak argitzeko, Debegesarekin harremanetan jar daiteke, komunikazioa@debegesa.eus helbidean edo 943 820 110 telefonora deituta.