Zaldibar Argituk justizia eskatu du hondamendiaren seigarren urteurrenean

Zaldibar Argituk justizia eskatu du hondamendiaren seigarren urteurrenean
2026/02/09 12:56
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Zaldibarko hondamendian zabortegiko milaka tonaren azpian hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak oroitu zituzten atzo, otsailaren 8an, Eitzaga auzoan egindako elkarretaratzean. Hondamendia salatzeko eta biktimen omenez ekitaldia antolatu zuen Zaldibar Argitu herri plataformak, eta dozenaka lagun bildu ziren, tartean senitartekoak, herritarrak eta plataformako kideak.

Bi langileen omenezko oroigarriaren parean lore eskaintza egin zuten, eta bertsolari eta musikarien emanaldiek ekitaldia osatu zuten. Plataformako kideek berriro eskatu diote ingurumen delituak ikertzen ari den epaitegiari instrukzio fasea behingoz amaitzeko, sei urte igaro diren arren oraindik ez baita auziaren inguruko argitasunik izan.

Ekitaldian, agintarien jarrera kritikatu zuten, azken urteetan “umilazioa, gehiegikeria eta mesprezua” jaso dutela salatuz. Zabortegiaren egoera ere salatu zuten: zabortegiaren zati bat Etxebarrira doala, eta ingurumen neurriak “itxurakeria” direla adierazi zuten, “zaborra zuzenean errekara” iristen delako eta ura ez dagoelako benetan garbi.

Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du ez dela funtsezko aldaketarik izan azken urtean eta hondamendiaren arrazoiak eta erantzuleak argitu arte herritarrak defendatzen jarraituko dutela.