Zaporeak Debababarrena erronka solidariorako janari-bilketa martxoaren 9tik 12ra bitartean egingo da

Greziako kanpalekuetarako elikagaiak eta funtsak biltzeko helburuarekin antolatzen den Zaporeak Debabarrena erronka solidarioaren aurkezpena egin dute gaur arratsaldean Eibarko udaletxeko udalbatza aretoan, ekimenaren arduradunen, eskualdeko alkateen eta laguntzaile askoren parte-hartzea izan duen ekitaldian.
Zaporeak Debababarrena erronka solidariorako janari-bilketa martxoaren 9tik 12ra bitartean egingo da
2026/03/04 22:17
Silbia Hernandez Arrazola

Aurkezpenean adierazi dutenez, azken urteotan bezala, aurten ere Eibarko Udalaren eta Debabarreneko beste hainbat udalen babesa izango du  Zaporeak elkarteak sustatutako ekimenak. Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuei jaten eman ahal izateko janari-bilketa astelehenean (martxoak 9) hasiko da herri guztietan, eta martxoaren 12ra arte jasoko dute janaria, datozen egunotan iragarriko diren tokietan. Aurreko urteetan bezala, herri bakoitzean elikagai bat bilduko da: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; Ermuan, Deban eta Soraluzen, arroz luzea; eta, Mutrikun, arrain-kontserbak. Eibarren, ikastetxe guztietan, jubilatuen zentro guztietan, Torrekuan zabaldu berri duten Garagunean eta …eta kitto! Euskara Elkartean, besteak beste, bilduko dituzte pardina-dilistak.
Betiko moduan, erronkaren harira rifak saltzen ari dira boluntario eta lagunak. Erronkaren amaieran egingo duten zozketako saridunek Eibar eta inguruko artisten lanak, eta erronkarekin bat egin duten jatetxeetan afariak irabaziko dituzte. Rifen salmentari esker biltzen den dirua, berriz, Debabarreneko erronkaren baitan biltzen den janaria eta bestelako materiala Greziako errefuxiatuei bidaltzeak eragiten dituen garraio-gastuei aurre egiteko erabiliko dute.
Ekarpen horiez gainera, dohaintza ekonomikoak ere egin ahal izango dira, kanpainarako prestatutako kontuaren bidez (ES53 2100 2724 8101 0066 3988). Esan dutenez, “modu horretan, laguntzaren irismena handitzea eta logistika eta hornikuntza-beharrak asetzea erraztuko da”.
Aurtengo ediziorako jarritako helburua anbizio handikoa da: aurreko urteetan bildutakoa gainditu nahi da, eta helburu gisa 25.000 kilo elikagai lortzea ezarri dute. Kopuru horri esker, hilabete inguruan ziurtatuko lirateke otorduak Greziako kanpalekuetan. Esan dutenez, egunero 2.300 otordu inguru ari dira ematen gaur egun. Ezarritako helburua betetzeko, antolatzaileek eta Eibarko Udalak berariaz egiten diete dei enpresei, ikastetxeei eta beste kolektibo batzuei ekimen solidarioan parte har dezaten, eta beraien establezimenduetan elikagai-bilketak antolatu ditzaten, “dohaintzak sustatuz, bazkide eginez edo egokien deritzoten moduan inplikatuz”.

Tuper solidarioa martxoaren 14an Errebalen
Erronkari amaiera emateko, tuper solidarioa egingo da, eta aurten Eibarren izango da ekitaldia, martxoaren 14an (zapatua), Errebal Plazan, 12:30etik 15:00etara. Menua oilaskoa arrozarekin eta fruta ale bat izango da, 5 euroko prezioan. Gainera, artelanak eta afariak zozketatuko dira, eta Eibarko talde ezberdinen emanaldiak ere egongo dira (Kaleetan Kantuz taldeak eta Untzaga gizarte etxeko abesbatzak kantatuko dute, eta Kubantzari taldeak salsa dantzatuko du).
Azpimarratu dutenez, diru-bilketatik haratago, ekimen solidario honek milaka pertsonak bizi duten errealitatea ikusaraztea du helburu, “eta gogoraraztea Lesbosen zerbitzatutako plater bakoitzaren atzean laguntza-sare bat dagoela, Eibar bezalako udalerrietan hasten dena”. Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “elkartasuna gure herriaren nortasunaren parte da eta distantziak ez dira oztopo. Zaporeak bezalako elkartearekin lan egiten dugunean, mezu argi bat bidaltzen ari gara: ez gara axolagabeak besteen sufrimenduaren aurrean. Jasotako kilo bakoitza, Errebalen partekatutako tuper bakoitza, eta ekarpen ekonomiko bakoitza pertsonen duintasuna defendatzeko modu bat da”. Horren harira, herritarrak animatu ditu aktiboki parte hartzera eta, beste behin, Eibarko erantzun kolektiboa konpromisoaren eta gizatasunaren adibide bihurtzera.