Zaporeak Debabarrena: elkartasunaren indarra 8. edizioan
Balorazio oso positiboa egin du Zaporeak Debabarrena ekimenak aurtengo edizioari buruz. Antolatzaileen hitzetan, zortzigarren edizio hau bereziki nabarmendu da eskualde osoko herrien parte-hartze zabal eta orekatuagatik, baita askotariko kolektiboen inplikazioagatik ere.
Azpimarratu dutenez, kirol taldeek, Gureak eta Garagune bezalako erakundeek, ikastetxeek eta bestelako elkarteek erakutsitako sentsibilizazioa eta konpromisoa funtsezkoak izan dira. “Elkarlana bi noranzkokoa izan da: haiek lagundu digute eta guk ere ekarpena egin diegu”, adierazi dute.
Datu ekonomikoei dagokienez, 8. erronka solidarioak emaitza esanguratsuak utzi ditu: 50.000 eurotik gora bildu dira elikagaietan, 5.000 euro zozketen bidez, 1.650 euro tupper solidarioan, eta 700 euro inguru kutxetan. Horrez gain, antzeko kopurua jaso da dohaintza anonimoetan. Eibarko Calbeton kalean jarritako dendak ere 4.000 euro baino gehiago bildu ditu.
Etorkizunari begira, antolatzaileek prestutasuna agertu dute hezkuntza arloan elkarlanean aritzeko. Bereziki DBHko ikasleei zuzenduta, esperientziak partekatzeko hitzaldiak emateko edo sentsibilizazio proiektuak garatzeko aukera zabalik dago. “Prest gaude datorren urtean ere hezkuntza eta kontzientziazio proiektuetan parte hartzeko”, gaineratu dute.

