"Zaporeak Debabarrena" erronka solidarioa antolatzeko bilera irekia egingo da ostegunean Eibarren

Eskualde mailako bilera Untzagako Jubilatu Etxean egingo da hilaren 19an, 19:30ean.
"Zaporeak Debabarrena" erronka solidarioa antolatzeko bilera irekia egingo da ostegunean Eibarren
2026/02/16 14:13
Ana Aizpurua

Martxoan egingo da "Zaporeak Debabarrena" erronka solidarioaren zortzigarren edizioa. Eskualdeko herri guztiek indarrak batuko dituzte beste behin ere Zaporeak elkartearentzat eta Lesboseko kanpamentuan dauden asilo-eskatzaileentzat elikagai bilketa egiteko.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengo erronka prestatzeko boluntarioen bilera irekia Eibarren egingo da hilaren 19an, ostegunez. Untzagako Jubilatuen Etxean egingo den batzar horretara eskualdeko herritar guztiak daude gonbidatuta. Batzarra erronka antolatzeko eta errifak banatzeko baliatuko da.

Urtero bezala, parte hartzen duen udalerri bakoitzak elikagai bat jaso beharko du. Ermuan eta Deban arroz luzea bildu beharko dute; Eibarren, lenteja pardina; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Mallabian eta Mendaron, makarroi tutuak; Soraluzen, arroz luzea; eta, azkenik, Mutrikun, arrain kontserbak. Produktuen bilketa martxoaren 9an, astelehena, hasiko da, eta hilaren 12ra arte, osteguna, luzatuko da.

Ohikoa denez, erronka Eibarko Errebal plazan egingo den tupper solidarioarekin amaituko da martxoaren 14an, larunbata. Bertan, zozketak egingo dira, eta arte-lanak zein jatetxeetako afariak irabazteko aukera egongo da. Aurten tupper bakarra izango da: oilaskodun arroza eta fruta ale bat, 5 euroan.

Horrez gain, ekarpen ekonomikoak jasotzeko kontu-zenbaki bat ere gaitu da: ES53 2100 2724 8101 0066 3988. Aurtengo edizioaren helburua aurreko urteetan bildutakoa gainditzea eta 25.000 kg-ra iristea da, hilabetez sukaldatzeko behar dena lortzeko. "Horregatik, udalei, enpresei, ikastetxeei eta bestelako kolektiboei dei egiten diegu ekimen solidarioan parte har dezaten, bakoitzak ahal duen moduan: beren establezimenduetan bilketak antolatuz, bazkide eginez, dohaintzak eginez…", azaldu dute antolatzaileek.