“Arreta benetako arazoaren mamitik ez desbideratzeko” eskatu du Zaldibar Argituk
Orain dela egun gutxi jakin genuen Zaldibarko zabortegiaren auzian Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (EH Bildu) eta udaleko hiru teknikari inputatu dituztela, lurralde antolaketaren kontrako delituak egitea egotzita, eta horren harira “arreta ez desbideratzeko” eskatu du Zaldibar Argitu plataformak. Plataformaren ustez, benetako gakoa “langile biren zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak ikertu eta erantzukizunak zehaztea” da, hau da, “zabortegiaren tramitazioan izandako irregulartasunak, Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan izandako irregulartasunak, eta abar” eta, plataformako kideen iritziz, “oraingo filtrazioa ez doa norabide horretan”.
Plataformaren arabera, “ohiko bilakatu da albiste eta filtrazioren bat egotea hondamendiaren urteurrena hurbildu ahala”. Hain zuzen ere, Zaldibarko zabortegia amildu eta bi langile hil zirela sei urte beteko dira otsailaren 6an, barixakuan, eta Baigorriren inputazioaren albistea aurreko astean zabaldu zuen “ez dakigun norbaitek”. Filtrazioaren harira egindako adierazpenetan diotenez, “argitu dadila argitu beharreko guztia. Berriro diogu: guztia. Baina, gure arreta arazoaren benetako mamitik desbideratzeko ahaleginak antzuak izango direla adierazi nahi dugu”.
Horrekin batera, Juan Maria Uriarte alkateorde izandakoa eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia (EAJ) ikertu moduan ez agertzearekin harrituta daude eta, ildo horretan, “zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal agintariren erantzukizunak ez ikertzeko asmo nabarmenegia” dagoela salatu dute.
Amaitu aurretik, asteburuan, otsailaren 8an (domeka), 12:30ean Eitzagan egingo den ekitaldira joateko deia egin du Zaldibar Argituk.
