Urtarrilak 20
1936. urteko eneruaren 20xan, 1934ko reboluziñoko rebeldixa militarragaittik, Eibarko 170 lagun inguruk prozesua euki eben Pamplonan “Consejo de Guerra” eginda: reboluziñuan ibilli ziran ixa danak, zegaittik eze fronteria pasau edo libertade probisionala gitxik konsegidu ahal izan eben-eta. Prozesua orduantxe ekin zan, baiña hurrengo egunetan segidu eban, hillaren 24an sentenzixak erabagitzen amaittu arte.
172 lagunen kontrakua zan juizixua, danak eibartarrak Bergarako hiru lagun izan ezik. Fiskalak, Jose Maria Dávila jeneralak, presuen delittuak rebelion militar erakuak zirala ziñuan, bost gradutan. Horrek delittuogaittik eskatu zittuan kastiguen artian, lau lagunendako “pena de muerte” eskatu eban: Toribio Etxebarria, Julian Prieto, Francisco Intxaurraga eta Juan Ibarra ferrobiario anarkistiarendako; bestiendako, ehun lagunetik gorakuendako “reclusión mayor” eta “reclusión menor”-eko prisiñua, hasi barruan 30 urte egon bihar izatetik, eta urte bira arteko kartzelia eskatu zittuan fiskalorrek, “cadena perpetua” eta “cadena perpetua a muerte” beste batzuen berbetan. Beste batzuk, hogei lagunetik gora, libre lagatzeko be eskatu eban. Azkenian, defensorien jarduna entzun eta gero, eta fiskalak lehelenguan ebana aldatuta, Tribunalaren sentenzixia holan geratu zan: hiru laguni hiltzeko kastigua ipiñi etsen; T. Etxebarriari 30 urteko kartzelia ipiñi etsen; 105 lagun inguru libre geratu ziran; eta bestieri (65 lagun inguru), hasi 25 bana urteko kartzeliarekin, eta lau hillabete artekuak bota etsezen.