“Aukerak mirari direnean” (Desirée Magro)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Aukerak mirari direnean” (Desirée Magro)
ETA KITTO 2022, Ots 25

Hamaika dira emakumeok jasaten ditugun eraso edo gutxiespenak. Nabarmenak dira sexu erasoek edo tratu txarrek eragiten dituzten ondorioak, baina nik, oraingoan, ixilagoak diren gutxiespenak aipatu nahi ditut.

Emakume izateagatik, amatasunak edo gure senideen zaintzak asko baldintzatzen du gure lana. Elkarrizketetan seme-alabarik ote daukagun edota zaintzarako eskatzen diren orduak (pandemia garaiotan itxialdiekin gertatu den bezala) asko baldintzatzen gaituzte.

Orain, soldata parekidetasunaren eguna (otsailak 22) eta emakume langilearen eguna (martxoak 8) ikuspuntuan dauzkagu eta bata zein bestea, behar beharrezkoak direla deritzot. Beste batzuk dira, ordea, lan bila dauden emakumeen arazoak, eta gaur bat azaleratu behar dut.

Badira maskulinizatuta dauden lanpostuak. Hau da, ohiturengatik edo aurreiritziengatik, gizonezkoek bete izan ohi dituzten lanpostuak. Izan daitezke aginte postuak edo lan fisikoagoa eskatzen dituzten lanpostuak, baina biak, maskulinizatuak nabarmen.

Curriculumen dantza, web-orrialdeetan gora eta behera, Lanbide edo antzeko erakundeei ere atea joz… Nahiz eta curriculumak hobetu eta osatu, maskulinizatua dagoen lan esparrua izanez gero, jai dugu.

Askok gehiegikeritzat hartuko dute diodana, baina gauzak horrela dira. Nahiz eta hamaika izan diren botatako amuak, denek egiten dute kale. Lanbiden lanean dudan lagun min batek gaia aipatzean esan zidan bezala “zuzenean gizonezkoa eskatzen digute”. Elkarrizketa bat bera ere ez, hori da dagoen egi bakarra. Eta nola egin aurre horri?

Ez naiz mirarietan sinisten duenetarikoa, baina geratzen zaien ate berri bakarra jo beharrean ote daude: Arrateko Ama Birjinari kandelak ipini eta miraria eskatzea besterik ez zaie geratzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »