“Aukeratu ondo” (Ander Romarate)

0    Iritzia 
CDwes76
“Aukeratu ondo” (Ander Romarate)
ETA KITTO 2021, Urt 16

Gaur egungo egoerak izugarrizko aldaketak eragin ditu gure bizimoduan. Zalantzarik gabe, COVID-19ak ekarri duen urruntze soziala eta “etxeko berotasuna” gure bizitzaren parte dira dagoeneko. Hori dela eta, lehen sedentarioak bagina, orain askoz sedentarioagoak bihurtu gara.

Munduko biztanleriaren laurdenak ez du ariketa fisikorik egiten, eta hori 35 gaixotasun kronikoren kausa da. Gelditasun horri elikadura desegokia gehitzen badiogu, pakete guztia lortuko dugu. Jakin badakigu, bizimodu osasuntsuak, osasun fisiko eta mentala hobetzeaz gain, sistema immunologikoa ere hobetzen duela, eta zenbait gaixotasun izateko arriskua murriztu. Beraz, bizimodu sedentariotik aldentzen direnek arrisku baxuagoa dute COVID-19az kutsatzeko. Baina ez hori bakarrik; gaixotasuna hartuz gero, gaitzak eragindako sintomak arinagoak izango dira seguruenik.

Hori guztia ikusita, sasoi honetan bizimodu osasuntsua izatea lehentasunezkoa izan beharko litzateke pertsona guztientzat. Baina ez da erraza. Elikadurari dagokionez, egia da etxean ordu asko igarotzeak ez duela asko laguntzen. Hozkailua gertu badaukagu zaila da tentazioari eustea. Hori lortzeko eta elikagai egokiagoak aukeratzeko gai ez bazara, profesionalen laguntza garrantzitsua izan daiteke. Baina, nire ustez, ekuazio honetan garrantzitsuena, zalantzarik gabe, jarduera fisikoa egitea da. Nahiz eta bigarren paragrafoan esandakoa aspalditik jakin, gobernuak jarritako neurriek ez dute laguntzen eta arautegia aldatzen den bakoitzean kirola izaten da kaltetuenetarikoa. Beraz, zer egin dezakegu? Gai horrek duen garrantziaz ohartaraziko direla espero dut. Bitartean, neurriak zainduz, ez zaitez etxean geratu eta naturaz gozatu! Eta etxean gelditzen bazara, badakizu, ipurdia mugitu!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »