Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Booktuberrak: irakurri den liburua partekatzeko mugimendua"

2017/01/27
Booktuberrak gazteak izaten dira gehienetan, 25 urtetik ez dira pasatzen normalean, eta sare sozialak erabiltzen dituzte liburuak komentatzeko. Irakurle belaunaldi berri bat da, “irakurri-grabatu-partekatu” prozesua erabiliz esperientzia literarioari balio erantsia ematen diona.
Gazte hauek irakurtzeko grina eta liburuekiko pasioa partekatzen dute beste irakurle batzuekin. Liburua amaitu eta gero ez dute beraientzako bakarrik gordetzen irakurtzean lortu duten plazerra eta poztasuna, ez horixe. Kamera bat hartuta, “rec” sakatzen dute eta etxeko edizio bat egin ondoren, Internetera igotzen dituzte beraien kritikak eta aipamenak; handik gutxira, beste batzuek iruzkinak gehitzen dituzte. Era horretako bideoek eragin duten jarioa ikusita, gazteek irakurtzen ez duten mitoa apurtu egiten da, zorionez.
Booktuberrak asko egiten ari dira gazteen artean irakurketa sustatzeko, haien helburua hori ez bada ere. Liburuak, irakurketa… sustatzen dituzte, bai, baina gehien maite dutena zera da: liburuek sorrarazten dizkieten bizipenak partekatzea eta guztien begi-bistan jartzea beraien irakurle-espazioa.
Booktuber fenomenoa mundu anglosaxoian hasi zen, baina gaur egun oso hedatua dago. Espainia mailan ezagunenak “El coleccionista de mundos”, “Javier Ruescas”, “Fly like a butterfly” eta “Andreo Rowling” dira, besteak beste.
Euskadin, Galtzagorri Haur eta Gazte literatura elkarteak orain dela pare bat urte martxan jarritako proiektua da, nik dakidanez, booktuberren inguruan dagoen mugimendu bakarra. Lehiaketa bat antolatu zuten Galdakaoko ikastetxeetako ikasleen artean eta emaitzak ikusi nahi badituzue, kanal honetan sar zaitezkete: https://booktubelehiaketa.wordpress.com/booktube-kanala/
Gazteek halako sustapen-neurriak behar badituzte irakurtzeko gogoa pizteko, ongietorriak izan daitezela booktuberrak.