Iratxe Jimenez
Iratxe Jimenez

"Denbora-kapsulak"

2019/03/25
1975. urtean, Nebraskan, denbora-kapsula bat lurperatu zuten. 70. hamarkadako arropa eta 5.000 tramankulu baino gehiago omen daude barruan, kotxe bat barne. 2025. urtean irekitzeko asmoa dago. George Lucas-ek, berea duen Skywalker etxaldean, beste bat lurperatuta du. Ez du ondo gogoratzen zer sartu zuen, baina Star Wars-eko objetu asko daudela ziurtatu du.

Gaur egun dugun bizimodu azkar eta eroarekin, gure pentsamenduak whatsapp baten soinutik bestera joaten diren honetan, nik neuk aurkitu dut nire denbora-kapsula xumea. Kasu gutxi egiten diot baina noizbehinka, lau urterik behin esango nuke, potolotzen hasten da. Kaleko atea pasa eta bere zirrikitutik paperak agertzen hasten direla ikusten dut. Bai, ordua da nire denbora-kapsula zabaltzeko. Patrikatik buzoiko giltza txikia hartu eta atetxoa baztertu ondoren barruko paper guztiak begiratzen ditut.

Hauteskundeak. Paper gorriak, berdeak, urdinak… Aurpegi ezagunak, ezezagunak, irriparrak. Irakurri nahiko nituzke denak, idatzitako hitzak buruan ondo gordetzeko. Zer egingo dute politikariek guregatik hurrengo lau urte hauetan? Zer egingo dut nik herria hobetzen saiatzeko? Zerrendatxo bat idatzi nahiko nuke eginbehar eta amets guztiekin, eta ondoren, denak batera, politikarienak eta nireak, berriz ere denbora-kapsula horretan sartu. Ikutu ezin den kajoitxo batean denak laga, eta buzoiaren beste zatitxo bat libre utzi mezulariek hurrengo lau urte hauetan sortuko diren beste denbora-kapsula txikiak sorpresaz betetzeko.

Lau urteak pasatzerakoan, kajoitxo hau zabalduko zen paper berriei lekua egiteko, beldurrez, lau urtetan neke, poza, etsipen, maitasun… eta beste hainbat emozio pilatzen baitira. Betetako hitzak dituzten paperak bota beharko nituzke, eta bete ez direnak bertan mantendu… edo agian ez.

Korreos-eko langileak aztoratu nahi ez ditudanez, paperak etxera eramango ditut. Eta ondoren bota, inoiz beteko ez ditudan beste amets batzuekin batera. Hala ere, eta idatzi hau irrifar batekin amaitzeko, nire txalo beroena Palentziako Villarramiel herrian herriko buzoietan biletedun sobre marroiak sartzen ari den ezezagunari. Batzuentzat denbora-kapsula dena, beste batzuentzak bankua da. Ea besteren bat Eibarren animatzen den berdina egiten. Asteburu ona izan.