Iker Araberri
Iker Araberri

"Earth Overshoot Day"

2019/04/08
Gure planetak oreka bat bilatzen du bertako biztanleok kontsumitzen ditugun natur-baliabideen eta baliabide horiek berritzeko beharrezkoa den denboraren artean. Beraz, natur-baliabide asko ustiatzen baditugu, planetak denbora gehiago beharko du baliabide horiek berritzeko. Mundua enpresa handi bat balitz bezala, urtero natur-baliabide kopuru bat egokitzen zaigu (gure natur-aurrekontua deituko diogu), eta tratu bat egiten dugu planetarekin: “guk, urte honetarako dagozkigun baliabideak bakarrik gastatuko ditugu; horrela zuri, Lur planeta, denbora emango dizu baliabide horiek berritzeko”. Gure natur-aurrekontua urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 artean xahutzen badugu (edo guztia gastatzen ez badugu) esan nahi du ongi gabiltzala, garapen jasangarriaren mugen artean mugitzen ari garela eta dugun planetarekin aski dugula bizirauteko. Natur-aurrekontu horren gutxi gorabeherako kontrola bermatzeko Earth Overshoot Day izeneko data erabiltzen da. Zenbait kalkuluri esker jakin dezakegu beharrezkoa baino gehiago ala gutxiago gastatzen ari garen, edota urteko zein garaitan geratzen garen jada natur-aurrekonturik gabe. 70. hamarkadan Earth Overshoot Day delakoa abenduan kokatzen zen. Alegia, ia urte amaierara arte irauten zigutela urte horretarako egokitutako natur-baliabideek. 1995ean urriaren 5ean iritsi zen egun hori, 2005ean abuztuak 26an eta iaz, 2018an, abuztuaren 1ean. Horrek esan nahi du egun horretatik aurrera, planetak guretzat hurrengo urterako gordeta zituen baliabideak erabiltzen ari garela; hots, maileguan bizi garela, planetari ez diolako astirik eman guk gastatutakoa berritzeko. Horiek mundu mailako datuak dira baina herrialdeka joanez gero ikusiko dugu AEBek, esaterako, iaz martxoaren 15ean gastatu zutela beren natur-aurrekontua, Frantziak maiatzaren 5ean eta Espainiak ekainaren 11an. Kontsumo maila horri eusteko 1,7 planeta beharko genituzke guk xahututako baliabideak planetak modu jasangarrian berritu ahal izateko. Gaizki gabiltza, eta denborarik gabe gelditzen ari gara.