“Ekilibristak” (Ainara Argoitia)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Ekilibristak” (Ainara Argoitia)
ETA KITTO 2019, Mar 07

Ikusi nahi ez duenak baino ez du ikusiko: feminizatuak dauden alorrek askoz ere prestigio sozial, politiko eta ekonomiko txikiagoa dute; gure gizarte eredu honetan, zapalduenak, beti, emakumeak dira. Mila aldiz ohartarazi digute: pobreziak emakume aurpegia du. Horregatik eta horren kontra egiteko, greba egingo dut bihar. Planto, emakumeok egiten dugun lana bistaratzeko eta lan horri balioa ematea exijitzeko; planto, sokak estuen hartuta dituen emakumeengatik –egin kontu, emakume, zapalduok ere zapaltzaile izan gaitezkeela hainbatetan–; planto, eremu pribatua uste dena politikoa dela aldarrikatzeko, eta planto, jakina, alabaren etorkizunak bezainbeste kezkatzen nauelako semearenak, eta gizonak ere, sortzez pribilegio gehiago izan arren, beti ez direlako  libre maskulinitate-eredu tradizionalaren pean.

Ez dut lan handirik izan bihar greba egin edo ez erabakitzeko, mugimendu feministak emandako arrazoiak neure egiten ditudalako lehenengotik azkenera, eta ez dut buruko min izan lantokian greba egingo dudala esateko (zorionekoa ni!), baina ez dut ukatuko: galderak, arazoak eta kontraesanak pilatu zaizkit, grebaz ari naizela:  Eramango al ditugu seme-alabak bihar ikastolara?  Zergatik ari gara grebari bai esan diogun emakumeok ohituraz geuk egiten ditugun lanak nola lotu aurretiaz pentsatzen? Zergatik dut horrenbeste erreparo laneko bilera 20:30ean hastea proposatu duen lankideari (gizona) ezetza emateko, kontziliazio-arazoak arrazoituta? Zergatik sentitu naiz errudun alaba amaginarrebarenean laga eta bi orduz kirola egitera joateagatik? Zergatik aztoratu du horrenbeste borroka-laguna  ‘Es compatible ser feminista y tener empleada doméstica’ artikuluak?

Zaintza. Hortxe dago koska! Feminismoa benetan kontzientzia hartzean hasten baldin bada, ni ama naizenetik naiz feminista; ama-identitateak nire ordura arteko beste ni denak jan zituenetik. Orduan sentitu nuen neure bizipenak eta amatasuna bera politizatzen hasteko beharra. Orduan zaintza-lanei ikusgarritasuna eman beharra. Ekilibristen pare gabiltza emakumeak, gure bizitza hipotekatuz gaur seme-alabak eta bihar nagusiak zaintzen.  Bizitza sostengatzeko ardura, baina, denona da. Gauza gutxik  dute zaintzak besteko garrantzirik, eta bada ordua bizitza jartzeko erdigunean, merkatua beharrean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »