“Gure motxilak” (Josu Agirre)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Gure motxilak” (Josu Agirre)
ETA KITTO 2021, Ots 12

Goizero, motxila soinean daramatela, eskolara oinez bidaltzen ditugu alaba eta semea. Telelana dela eta, egun askotan leihotik agurtzen ditut. Bat-batean, ezinezkoa zait nolabaiteko barruko-hutsunerik ez sentitzea.

Etxetik irten baino lehenagoko errituala: eskolako motxilaren prestaketa. Bertan doaz eskolako liburuak, koadernoak, estutxea, erregela, ordenagailu portatila (aurtengo nobedadea), hamaiketakoa, kromoak, pilota, ukelelea (ere bai), ur botila, paperezko zapiak, hidrogela, maskarak… Konturatzen naiz orduan Edurne Pasaban eta Alberto Iñurrategiren aita naizela.

Motxila astunek lurrean itsatsita mantentzen gaituzte haize-bolada gogorren aurrean, baina beldur naiz ez ote diguten hegan egitea eragotziko.

Edurne eta Alberto motxila hainbat zintzilikariorekin apaintzen ikusi ditut: kalaberak, loreak, animaliak, skate irudiak…. Parafernalia horrek bi haurren nortasunaren eraketa adierazten du, nahiz eta gu gehiegi konturatu ez.

Baina eskola, mendia edo igerilekuaz aparte, denok daramagu soinean bestelako motxila bat, gurea, haurtzarotik egunero betetzen duguna. Eta bai, ikusezina den motxila horretan ere zintzilikarioak ditugu. Nirean, adibidez, Heavy-Metalarekin lotutako txapa eta partxeen artean ikurriña bat ere dago, ez da oso handia, baino bai oso bihotzekoa.

Noizean behin motxilaren barrukoaz jabetzea merezi du. Ez da egunero, ezta astero edo hilero ere egin beharreko gauza bat. Nik egin izan dut eta aitortu behar dut ariketa benetan gogorra bilakatu daitekeela.

Demaseko pisuko eta zeharo modaz pasatako trasteak aurkitu izan ditut. Zenbait laguni esker tira eginez, azkenean motxilatik atera eta astindu on bat eman ostean… ba agian ez ote ziren hain astunak. Aldiz, beste traste batzuekin gertatu izan zait kanpora ateratzen saiatu eta saiatu arren, ezin izan dudala. Orduan ulertu dut motxilan geratu behar direla. Hori bai, aizue, karga birkolokatu ostean, askoz arinago noa.

Edurne eta Albertori esan behar diet euren motxila barruan daramatenaz jabetu daitezela. Motxilaren barnean begira dezatela, beldur barik. Bai eskolako motxila barruan, bai bestearen barnean ere. Nik, nire aldetik, ideia hau ez ahazteko oraintxe bertan motxilan sartuko dut.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »