“Hedabideen txotxongiloak” (Ekhi Velar)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Hedabideen txotxongiloak” (Ekhi Velar)
ETA KITTO 2016, Ots 18

Antzerki Jardunaldiak gurera heldu direnerako antzerki saio handia jasan dugu txotxongiloen aferarekin. Penagarria hedabideetan ikusi den ikuskizuna. Salagarria gaur eguneko gizartean dagoen antzokirik handienean gertatzen dena. Etenik ez duen makineria da. Minuturo informatzen, iritzia sortzen, gizartea maneiatzen. Gure kabuz pentsatzen dugu? Zalantzak dauzkat. Zeren gainean pentsatzen dugu egunero begien aurrean jartzen dizkiguten gaietan ez bada? Uxatu ditzagun konspirazio iluminatiak, baina ezin dugu ukatu hedabideek gugan duten boterea. Paradojikoa da  inoiz baino informazio gehien eskura daukagun sasoian hedabideek masak kontrolatzeko duten gaitasuna. Toki ezberdinetatik tonaka berri iristen zaizkigu, baina mezua homogeneoa da. Eta heltzen ez zaiguna? Hedabideetan agertzen ez dena ez da existituko guretzat. Masa inozoa da? Ez, baina alienatua dago, lanpetuta, eta ezin du informazio guztia digeritu eta aztertu. Errefuxiatuak. Katalunia. ISIS. Foballa, foballa, foballa. Korrupzioa. Gogoratzen Ayotzinapako 43ak? Eta Yemeneko gerra? Ah, ez, hori ez digute kontatu. Adi Ipar Korea, Kuba eta Venezuelarekin. Erosi hau, erosi hura. Neska, polita egon. Zu gizona izan! Eta Eibarren gola! Rajoyren eskua, Sanchezen aurpegia, Iglesiasen ilea, Riveraren sudurra. ETA. Eta gero zer? Hedabideetako adituek esango dizute zer pentsatu. Denetarik dakite. Eurak bai aktore onak antzerki honetan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude