“Heroiaren heriotza (Eddie Van Halenen omenez)” (Josu Agirre)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Heroiaren heriotza (Eddie Van Halenen omenez)” (Josu Agirre)
ETA KITTO 2020, Urr 23

Robert Zemeckis zuzendari handiaren 1985ko “Back to the future” filmean (gure artean, “Regreso al futuro” bezala ezagutzen duguna), Marty McFly gazteak denbora-makina bihurtutako itxurazko Delorean auto zoragarri bat ezustean gidatzen hasi eta, halako batean, atzeraka 30 urteko jauzia egin ostean, 1955. urtera ailegatzen da.

Pelikulako eszena guztien artean, badago bat bere momentuan markatuta utzi zidana: Marty etorkizunean bere aita izan beharko lukeen George McFly gaztearekin topatzen da. Handik gutxira Martyk Georgen etxean sartzea erabakitzen du, gauez eta ezkutuan.

George ohean lo seko dagoen bitartean, Martyk, babes antinuklearreko jantzi bat soinean duela, estralurtar baten itxurak eginez, mezu bat eman nahi dio George gizajoari. Hura esnarazteko, “VAN HALEN” taldearen cassettea duen “walkman-a” martxan jarri eta aurikularrak zuzenean George-ri belarrietan jartzen dizkio.

Georgek hartzen duen sustoa egundokoa da: Vulcano planetatik etorritako Darth Vader ohe ondoan agertu eta hizketan hasi zaio, eta bitartean Eddie Van Halenen gitarraren burrundara basatiak belarrietatik burmuineraino sartzen ari zaizkio.

Hilabete honen hasieran, aspalditik bakean lagatzen ez zion eztarriko minbizi baten ondorioz, EDDIE VAN HALEN gitarrista ospetsuaren heriotzaren berri izan dugu, eta ezustean harrapatu gaitu haren heriotzak. 2020. urte gogor honek hainbat albiste gaizto ekarri dizkigun arren, Van Halenen heriotza uholdearen zurrunbiloan murgildurik desagertzen den beste albiste txar bat ez izatea nahiko nuke.

Noizbait gitarra elektriko bat esku artean eutsi eta egurra latza emateko grina sentitu izan duen (izan dugun) edozein neska-mutilentzat, Van Halen bene-benetako heroia zen. Aldiz, heroiak ez dira hiltzen, ezta? Ala heriotza bera da heroi bihurtzen dituena? Tira, zer dakit nik.  Eddie Van Halenek gitarra elektrikoaren historia goitik behera aldatu zuen, ordura arte sekula entzun ez ziren soinuak sortuz, eta dena irribarre zabal eta ederra aurpegian uneoro zuelarik, bizipozaren erakusle.

Adiorik ez, Eddie Van Halen, etengabeko irribarrearen gitarrista estralurtarra. Askoren heroia eta nirea. Goian bego.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »