“Hondartzatik gimnasiora” (Ander Romarate)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Hondartzatik gimnasiora” (Ander Romarate)
ETA KITTO 2019, Ira 23

Abuztuak 15, hondartzako txiringitoan kaña bat eskuan duzula, zure buruari zera esan diozu: Nahikoa da. Udaz gozatu egingo dut eta itzuli bezain laster kirola egiten hasiko naiz! Ondo pentsatzen badugu uda da gorputza gehien jipoitzen dugun garaia. Errutina apurtzearekin bat, asko dira jasan behar ditugun tentazioak: arratsaldeko poteoa, herriko festak, izozkiak… Beraz, kilo batzuk irabazteko egoera apropos batean gaude.

Hori dela eta, oporretatik itzuli bezain laster gehiegikeria horiek desagerrarazten ahalegintzen gara. Baina, gizakia pazientzia gutxi duen izaki biziduna denez, dena muturrera eramaten dugu eta jarduera fisiko programa gogor eta dieta zorrotz batean murgiltzen gara. Horrela, hondartzako txiringito eta friturak utzi eta gimnasioan bizitzera eta entsalada jatera pasatzen gara.

Bizitza aktiboa eta elikadura egokia izatea osasuntsu mantentzeko alde garrantzitsuenak dira. Baina, ekuazio honetan atxikidurak duen garrantzia alde batera uzten dugu. Astean egunero kirola egiten hasten banaiz, eta asteburuan edaten nuen alkohol guztia kentzen badut, zer gertatuko da? Argiaren abiaduran pisua galtzen hasiko naizela. Baina, bizitza estilo zorrotz hori epe ertain edo luzera ematea ezinezkoa da eta bi hilabete pasa baino lehenago hasierako egoerara itzuliko gara edo egoera okerrago batera (errebote efektua).

Aukeratu gustuko duzun kirola, zure ezaugarrietara egokitzen dena. Profesional baten laguntza eskatu jarduera zure beharretara egokitzeko. Astean 30 minutuko bi sesio nahikoa da? Poliki poliki hasi eta erosoago sentitzen zaren heinean lan karga handitu. Urte askotan zehar jarraitzeko gai izango zaren errutina bat lortzen baduzu, zure gustukoa dena eta zure bizitza estilora egokitzen dena, partida irabazi duzu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »