“Kafetxo bat, Mr President?” (Desirée Magro)

0    Iritzia 
CDwes76
“Kafetxo bat, Mr President?” (Desirée Magro)
ETA KITTO 2020, Abe 01

Badira hiru aste AEBetan hauteskundeak egin dituztela; gugandik urrun geratzen da, baina bertan boterea lortzen duenaren itzalak gu ere iluntzen gaitu. Izurrite garaiotan egin dituzte. Halere, ez dute izan guri saldu ziguten segurtasun faltsua, deseskalatzea azkartuz eta gu COVID-19aren eskutan jarriz. Baina gure Lehendakariak bere nahia jarri zuen inoren aurretik.

Uda garaia heltzean ate guztiak zabaldu behar ziren, ekonomia lehenetsiz, azaltzen ziren COVID-19 agerraldiak kontrolatuz eta zarata gehiegi atera gabe. Baina positiboek aurrera jarraitu dute eta errudunak behar dira. Nola ez, errudunak ez dira izango ez industria (eta ez noa industria askok egin duten ahalegina gutxiestera, baina industrialdeetan kutsatze arriskua jakina da), ez hipermerkatuak, ez garraio zerbitzuak eta, are gutxiago, bankuen kutxazainak. Lantokia birrantolatu eta garbitasuna indartu behar izan dute, baina errudun bat bilatzen jarraitu behar zuten eta baita aurkitu ere: tabernak. Hasieran, herriz herri, agerraldiak noiz eta non egon zirenak aipatzen hasi ziren.

Nola ez, “non” hori taberna baten izena zen. Ez dut, eman diren jakinarazpenetan, taberna bat ez denik entzun, inoiz. Egun batetik bestera arauak aldatu dizkiete, jaso dituzten laguntzak mailegu edo atzerapen gisara izan dira, ia zerga bakar bat barkatu gabe. Diru iturririk ez daukaten uneotan zergak sortzen jarraitzen dute, lokalak alokatzen dizkieten jabeen diru gosea kontuan hartu gabe.

Urkullu lehendakaria AEBetako president jauna bezain urrun sentitzen dut herritarrongandik; Europatik bidaltzen diguten dirulaguntzarekin milioika eurotako onurak dauzkaten Petronor edo Iberdrola bezalako enpresak babesten dituen bitartean, gure osasun sistema indartu beharrean, eguneko ordu guztiak sartzen dituen tabernari asko utzi dituelako alde batera.

Agian, bulegoetan dauzkan harremanak alde batera utzi eta herriarengana hurbilduko balitz… Adibidez, taberna batean kafetxo bat hartuz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »