Isabel eta Maria
Isabel eta Maria

"Manuel eta Txomin " - Enrike Sosola

2016/11/18
Leongo herriskatik Bizkaiko mehatzaldera jo zuen Manuelen sendiak bizitza hobearen bila. Han burdina agortu zenean, Eibarko tailerretan jarri zuen begia gazteak, bera bezalako milakarekin batera. Bizkaitik zekarren komunismoaren fedea. Zapaldu eta esplotatuaren klase-kontzientzia argia zuen Manuelek. Gerrako hiru eta ondorengo 10 urteko  espetxeak ez zioten su gorria itzali. Santiago Carrillo telebistan azaltzean“Que bien habla el camarada Santiago” entzungo zenion. Harro bere ideologiaz eta borrokari esker lortutako aurrerapenez. Alfak eraikitako pisua eta erretiroarekin hil zen burua galdu eta sei urtera. Bera eta beretarren historia idatzia eta aitortua izaten ari da azken urteetan, liburu, dokumental, fakultate eta plazetan. Bikain. Egin zaio azkenean justizia maketo belarrimotxari.
Txomin ere Bizkaitik etorri zitzaigun Eibarrera. Munitibarko jaiotetxean denentzako nahikoa janik ez eta gure herrian fundizioek  hustutako baserrian jarri zen bizitzen, andra eta ume. Errentero, beste milaka baserritarren antzera. Gerran sei urte egin zituen, EAJko gudariekin hasieran, gero... batek daki! Higuinduta amaitu zuen eta politikariei botatzen zizkion bere sufrikarioen ardura denak: “ai-ai, ume kuittauok,  zuek demasekuak ikusi bihar dittuzue” zioen telebistako notizien aurrean, bilobei begira.
80 urte zituela hil zen Txomin ortu-lanian, bero-golpe batek  erasanda. Harro bere euskalduntasunaz, ez zuen sekula zapaldu-sentipenik izan,  Jainkoari eskerrak beti jator, beti esaneko. Herentzian zazpi behi eta hiru txahal laga zituen, besterik ez. Gaur ez da inor bizi bere baserrian, espekulatzaileen hatzaparretan basoak irentsiko egingo du. Inortxok ez du idatzi bere moduko baserritar-maizterren historia, ez museorik,  ezta dokumental sakonik egin, ezta monumenturik herrietako plazetan jarri. Ahanzturan.
Ene!! Eta Isabel? (bakar bakarrik, seme-alabak hazitako Manuelen andre zintzoak). Eta Maria? (Txominekin ezkondu eta familiako beste 10 lagunen neskame apalak). Ahaztuta. Nik ere bai.