Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Urte hasierako asmoak, desioak..."

2018/02/04
Urte hasieran beti izaten dugu buruan zerrendatxo bat gure asmoekin: kirol gehiago egin, dirua aurreztu, pisu pixka bat galdu, erretzeari utzi… Horietatik, zenbat bete ditugu urtea amaitutakoan?
Nik honako hauek proposatu nahi dizkizuet beste horiek betikoak izaten direlako eta segur aski badituzuelako zuen zerrendetan.
Hilean liburu bat irakurri. Bai, badakit denbora falta jarriko duzuela aitzakiatzat, baina zenbat denbora pasatzen duzue egunean mugikorrarekin jolasten edo telebista ikusten? Kendu denbora tartetxo bat hortik eta harritu egingo zarete zenbat irakurri daitekeen ikusita.
Nire seme-alabekin irakurketa tarteak konpartitu. Nekatuta iristen gara etxera lanetik edo umeekin parkean egotetik. Errekaduak, afaria, bainuak… bukaezinezko zeregin luzea. Baina probatu ezazue umeak oheratzerakoan 15 minutu beraiekin egoten. Ipuin bat irakurtzeko ematen du. Ikusiko duzue nola umea irrikan egongo den momentu hori iristeko.
Irakurketa talde batean izena eman. Denei gustatzen zaigu irakurtzen duguna norbaitekin komentatzeko aukera izatea. Eta ez da erraza lortzea. Futbolari buruz asko hitz egiten da, baina liburuei buruz? Zuen lagunetatik zenbatek irakurtzen dute? Horretarako badaude aukerak Liburutegian bertan. Etor zaitez galdetzera ea zer egin ahal dugun, taldeak osatuta badaude ere.
Liburutegira gehiago joan. Badira hona datozenak denbora pasa: egunkaria irakurtzera, aldizkari bat ikustera, pelikula bat aukeratzera edo isiltasunaz disfrutatzera. Ez da leku txarra zure denbora librea pasatzeko. Umeekin ere etorri zaitezke, edo zure amarekin… Proba ezazu eta esango diguzu.
Lau asmo bakarrik dira. Bete ahal izango dituzu, ezta?