“Zerbitzu gutuna” (Eva Alberdi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Zerbitzu gutuna” (Eva Alberdi)
ETA KITTO 2019, Mai 13

Azken egun hauetan Eibarko Udalak lau zerbitzu gutun argitaratu ditu webgunean. Horien artean, udal liburutegiarena dago, eta dokumentu honekin gure zerbitzuaren inguruko informazioa zabaltzea espero dugu puntu hauek kontuan izanda: zerbitzuak, konpromisoak, erabiltzaileen eskubideak, erabiltzaileen betebeharrak, herritarrak parte hartzeko bideak, iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko bideak eta dagozkigun araudiak eta legeak. Hau dena, zerbitzuaren kalitateari dagokionez, etengabeko hobekuntza lortzeko helburuarekin.

Juan San Martin Liburutegia Eibarko Udalaren zerbitzua da. Zerbitzu honen azken helburua komunitatearen informazio, heziketa, formakuntza eta aisialdi beharrak eta eskaerak asetzea da, zerbitzu horietara sarrera librea eta doakoa bermatuz.

Misioa. Herritarrentzat topaleku bilakatzea da, topaleku fisiko zein birtuala, liburutegien alorretan kalitatezko zerbitzuak eskaini ahal izateko: irakurketa eta etengabeko ikasketa sustatu, kulturaren hedapena bermatu, herriko fondoaren ikasketa eta ikerketa erraztu eta informazioaren teknologietarako sarbide egokia izan.

Bisioa. Edozer ikasteko beharrizana asetzeko topalekua izan behar da Liburutegia, hau da, bere funtzio hezitzailea oinarrian izan behar du.

Liburutegia informazio eta ezagutzaren sarbide izan behar da, balio erantsia eskainiz gaur egungo informazio kanaletatik bereizteko.

Gure oinarrietako bat irakurketaren sustapena izango da; irakurketa ohiturak sortu eta finkatu, irakurketa elkarbanatzeko topalekua bilakatu, informatu, orientatu edota edozein euskarritan irakurketa erraztu.

Balioak. Izaera integratzailea, aukera berdintasuna,  heziketarekiko konpromisoa, izaera berritzailea eta hiritarren parte-hartzea dira gure balioak modu labur batean azalduta.

Gutun osoa aztertu nahi duenarentzat, hemen webgunerako sarrera: https://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/zerbitzu-gutuna

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »