"Gurutzea bizkarrean"
Orain dela gutxi Kvalvikaren EP berria izango dena grabatu genuen. Orain nahasketa egiten ari gara eta 2023an argia ikustea espero dugu. Gainera, EPa kaleratu aurretik pare bat kontzertu eskaini genituen, non abesti batzuek azaldutako pasarte hauen inguruan berba egiten duten, eta lehen aldia zen entsegu-aretotik irteten zirela. Lehen kontzertua tentsioz bizi izan nuen eta urduritasunak gainezka egin zidala aitortzen dut. Bigarrena dezente hobea izan zen eta proiektuan etenaldia egitea ekarri zuen, EPa irten arte erlaxatzeko eta kontzertuak eskaintzeko lasaitasuna hartzeko asmoz, lana behar bezala eta editatua egon arte.
Kontzertu hauek amaitu eta berehala, eta erlaxatuta nengoela pentsatzen nuenean, bertigoak hasi nintzen jasaten etengabe. Horrek estres eta antsietate gehiago eragin dit. Beraz, medikuarengana joan naiz eta fisioterapia saioak jaso ditut. Mediku-proba batzuen ondoren, nahiko argi geratu da bertigo hauek neure burua bukle horretatik ez irtetearen ondorio izan direla. Gaizki egotea, gaizki egotearen inguruan diskoa egitea, gaizki egonik publikoaren aurrean abestiak aurkeztea, eta hori guztia soldata ematen didan beste lan batekin uztartzea. Gutxi gorabehera infernu antzeko batean bizitzea, tunelaren irteeran argia ikusi barik.
Ez nago neure buru-arazoen inguruan berba egitera ohituta eta honek promozio-taktika iruditu dezake. Neurri batean bada. Izan ere, ezin dut ukatu, editatzen denean, egin dugun lana zuek entzuteko gogo handia izango dudala. Baina batez ere, norbaitentzat lagungarria izan daitekeelako idazten dut testu hau. Orain badakit zergatik gertatzen zaidan hau eta horren inguruan berba egiteko prest nago, gripea izango balitz bezala. Buru-osasunaren meloia ireki beharra dago eta norberak izan behar du lehen hitza.