30 minutu
Beti aurkitzen dut jendea kiroldegiko igerilekuan. Bertan elkartzen gara igeri egitera, ur gainean egotera. 25 metro alde batera, eta gero bestera. Nahi adina aldiz. Gure gorputzak hainbat aldiz gurutzatzen dira. Nik ez ditut ezagutzen, eta haiek ez naute ezagutzen ni. Hala ere, ziurrenik, noizbait kalea partekatzea egokituko zaigu. Bakoitza bere erritmora, bakoitza bere estilora. Baina denok, nola edo hala, helburu berarekin: ez itotzea.
Nik 30 minutu ematen ditut igerian. 30 minutu. Hori da nire buruari eskaintzen diodan denbora ez itotzeko. Igerilekutik kanpo, arnasestuka joan naiteke, ez naiz konturatu ere egiten. Hortik kanpo, kezkaz gainezka nabil; igerileku bat betetzeko adina kezka. Egiatan, bertan ere ito nintekeen; izan ere, tamalez, ez da nire lehentasuna burua atera eta arnasa hartzea.
Horregatik joaten naiz ni kiroldegiko igerilekura. Agian ondoko kalean dagoen emakumea ere horregatik joaten da. Ur gainean egotera, kezken gainean egotera, kezka horietan ez itotzera. Aldagelako ispiluaren aurrean imajinatzen dut emakumea: Ilea motots batean jaso eta bainu-txanoa kontu handiz janzten, uretako betaurrekoak ondo kokatzen. Prest dagoenean, eskailerak azkar igo, ez baitu galtzeko denborarik, eta azkenean, uretan murgiltzen. Berarekin zekartzan kezkak alde batera utziz eta arreta guztia ez itotzean jarriz.
Esango nuke igerilekuko urak kezken pisua arintzen duela, uretan ez baitirudite hain pisutsuak, hain garrantzitsuak. Edo beharbada arnasa hartzea da gakoa. Auskalo. Agian, gure lehentasuna arnasa hartzea izan beharko litzateke, egunerokoan ez itotzen arduratu behar ez izateko.
Nik 30 minutu ematen ditut igerian. 30 minutu. Hori da nire buruari eskaintzen diodan denbora arnasteko. Gustatuko litzaidake 30 minutu horietan bizitzea. Ez dut ondoko kaleko emakumea ezagutzen, baina espero dut berak ere arnasa hartzea, 30 minutu hauetan bada ere.