400 lagun ilunpean
Urtarrilaren 30ean itxi zen Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena, justu “Deporrek” 101 urte bete zuen egunean. Urtebete lehenago hasi, 2024ko urtarrilaren 30ean, eta 2025eko urtarrilaren 30ean amaitu den tarte hori hainbat eremutako aktibitatez beterik izan dugu. Hori baita entitate horren ezaugarrietako bat, kirola eta kultura batzearena, kirolak betidanik erreibindikatzen duena baina, aldi berean, zaila dena kirol klub batean lotuta ikustea. Egitate hori hobeto ulertuko dugu 1924ko testuinguruaz hausnartzen badugu, orduko Eibarko gizartearen kezkei erreparatuz. Orduko “Deporra” sortzerakoan, mendia (alpinismoa deitzen zuten), txirrindularitza eta atletismoa izan ziren abiapuntu, urteen poderioz beste kirol -eta baita kultur arloko- hainbat aktibitate gehituko baziren ere klubean.
Guztiz asmatu zen mendeurrena hasteko Urko argiztatuta ikusi ahal izan genuen irudi ikonikoarekin. Eta itxierarako irudiz eta edukiz indar handia zuen beste aktibitate bat prestatu zen. 2024an Urkora igo bazen bera argiztatu eta irudi hori Eibar osotik ikusi ahal izateko, 2025ean mendeurrena ixteko ekimen harekin lotu nahi izan da. Horregatik, oraingoan argia Urkotik Eibarrera jaitsi da. Klubeko kide batzuk Untzagara heldu ziren euren frontalak piztuta zirela eta han zituzten zain beste laurehun lagun, modu antolatuan eta bakoitza argi baten jabe zela “Deporren” ezkutua osatzeko prest. Goiko irudiek Eibarko “bihotzean” sortutako irudi paregabeena eskaini zuten, ondoren “Egun da Santimamiña” abestu eta eskutik helduta Klubaren egoitzaraino joateko “Ikusi mendizaleak” entonatzen. Behin hara helduta, bi bertso eta beste bi abesti entzun ziren jaiarekin eta ospakizunarekin jarraitzeko. Sustraia, esentzia, konpromisoa eta iragana eta etorkizuna lotzen dituen herriko kirol entitate dekanoa bere bigarren ehunurtekoan sartzen da, lehengo bidetik, Eibarko bizitza hobetzeko proiektu berriez beteta.