guk bai
guk bai

"Amantaldunak ez zukeen greba egingo, " (Enrike Sosola)

2023/11/27
Desagertu dira amantalak baserri gehienetatik. XXI. mendeko nekazariok ez dugu egunerokoan erabiltzen. Andra haiek bai, haiek erabiltzen zuten goizetik oheratzeraino kendu barik: semealaben mutur mukitsuak garbitzeko; ortuko barazkiak bildu eta etxeratzeko; arbolara igotakoan  gereziak biltzeko;  sua ezpalak eroan eta ixotu zedin haizea egiteko;  eta non babes hoberik hiloba txikiak amantalpian baino? Lapiko beroari oratzeko ere ona amantala; asitzan jaiotako txito jaioberriak oilategira erretiratzeko;  soro-lanetan ziharduteneri hamaiketakoa eramateko.

Horra zenbat zaintzatan laguntzen zuen amantalak: ume eta zaharrena, senarrarena, abereena, lurrarena, suarena.

Halanda be,  amantaldunak ez zukeen greba feministarik egingo gaur bizi izan balitz. Zaintzek ez zioten utziko, sinistuta baitzegoen ezinbesteko zela bere beharra, zeregin “hil ala bizikoa”;  eta ze arraio! zoriontsua zen maite zituenak zaintzen eta, gainera, kristau-fedea zuen indar-emaile eta akuilu. Beraz, greba zertarako? Bazterrak nahasteko baino ez.

Hortxe izan gara atzora arte. Amantala airatu da bai baserrietatik, baina inola ez zaintzaren banaketa bidegabea. Gizonok jarraitzen dugu oraindik  etxalde gehienen erdigunean, betiere  kapitala mugitzen bada bertan, jakina, bestela ez. Dirua ikusten ez den baserriko espazioak emakumeak beteko ditu. Sukaldea, logelak, komuna, ortua berak gobernatuko ditu, eta  kortaren zaindaria ere bera izango da.

Feminismoaren iraultza gauzak aldarazten ari da, borrokak fruituak ematen dituela frogatuz. Baina  bide luzea egiteko dugu oraindik. Baserriko gizonongandik hasita, neronengandik hasita: amantaldunaren zapaldu-kontzientzia ezaz probestu ginanon eta garanon aitortzaren bidea. Plazaren erdia eta protagonismoa izatearen adikzioa onartzearen bidea. Zaintza-zamaren partea neureganatzearen bidea.

Guzti horrengatik guk azaroaren 30ean, guretzat garrantzitsua den San Andres azoka izan arren, salmenta-greba egingo dugu. Bistakoa delako bidegabekeri-egoerak ez direla berez “aldatzen”; “aldarazi” egin behar direla.