mikel arrillaga
mikel arrillaga

Astoa eta zaldia

2026/11/13

Igandean mendira joan nintzen ia astero bezala. Asto txiki beltza neukan bide ertzetik begira-begira, “Nor ote da tipo hau?” esaten bezala. Orduan gelditu, agurtu eta unean buruan nerabilenaren berri eman nion: “Hi, ba al dakik zer esaten duten? Bizkaian EH Bilduk irabaziko dituela hauteskundeak azaroaren 29an”. Astoak bi pauso atzera egin eta arrantza erako barre luzea egin ondoren, bere burua lurrera bota, buelta hartu eta mugitzen hasi zen, hankak goraka jarrita, algara betean. Grazia egin ziola, alegia. “Kontxo, ez da ba horrenbesterako ere, inkestek hala badiote... Antza denez, Oiz aldera ez da heldu Bizkaiko EAJren krisiaren berririk”. Azkenengo esaldi hori neure baitan esan nuen, bidean gora nindoala. 

Pozik eman nituen hurrengo pausoak goiz eguzkitsu bezain haizetsuan, burutazioarekin asmatu nuelakoan. Ze, beste pentsamendua azaldu izan banio, bertan suizidatzeko ere kapaz hura! Zer egingo ote zuen esan banio, PPk eta VOXek sekulako aukera daukatela gehiengo osoa lortzeko? Ez dut pentsatu ere egin nahi, Praixku gaixoa. Astoari izen hori jarri nion. 

Zaldi gorrikara zoragarria zegoen hirugarren eolikoaren zutabearen inguruan. Hango belar apurra jaten ari zen, gixajoa, eta begira gelditu nintzaion miresmenez. Aspaldian euririk egin ez eta jana urri bezain garesti zeukan bazterretan. Burua altxatu, eta begira jarri zitzaidan animalia, ile txuri luzeak lepo gainean. Urte batzuk izango zituen neure antzean. Zer burutazio nerabilen antzeman, eta halaxe esan zidan: “Zuek ere ibili erne! Eskumako horiek irabazten badute, laster harriak jaten hasi beharko duzue eta!”

“Politikari asko oporretan joango balira, eta hauteskunde egunean itzuli, bozka gehiago jasoko lukete”, bota zidan Praixkuk beheranzkoan, belar gorriztatik burua altxatuz. “Feijoo baietz”, erantzun nion. Horrek ez zion horrenbesteko barregurarik eragin. San Andres egunean hitz egitekotan gelditu ginen, eta autorantz jarraitu nuen.