Jara Larreategi
Jara Larreategi

"Autismoa"

2019/11/19
“Hasiera batean familiako kide guztiek garrantzia kentzen zieten azaltzen nituen kezkei eta ez kezkatzeko esaten zidaten, honek lasaituko banindu bezala. Gau luzeak neramatzan lorik egin gabe gauza berdinei etengabe bueltak ematen eta erantzunik ez... “Zergatik Aitorrek ez nau begiratzen hitzegiten diodanean?”, “Zergatik ez du erantzuten deitzen diodanean?”, “Zergatik ez du interesik azaltzen parkeko umetxoekiko?”, “Eta mugimendu horiek pozik dagoenean?”...  Inguruko gehienek haur bakoitzak bere erritmoa daukala komentatzen zidaten behin eta berriz, denek ezagutzen omen zuten lau urterekin hitzegiten hasi ziren umeak...  Nire lehenbiziko umea da baina, hala ere, ni ez nengoen lasai.

Sendagile, neurologo eta psikologoz betatako bide luzea jarraitu ostean autismoa hitza gure bizitzan sartu zen Hiroshimaren eztanda bezala. Oraindik autismo hitzak hotzikara sortarazten dit, hizki guztiak ahoskatzeak ezpainetan dardara eragiten dit. Gaur egun ere Aitorri begiratzen geratzen naiz eta oraindik ezin dut sinistu hau guztia guri gertatzen ari zaigunik… Haurdunaldiko froga guztiak ondo atera ziren, ez nuen alkoholik edan, ez nuen erre… orduan, zergatik guri? Zer egin dugu gaizki?“.

Orain dela hemezortzi urte egin nuen topo autismoarekin eta oraindik horrelako bizipenak entzuten ditut Gautenako (Gipuzkoako Autismo Elkartea) diagnostiko zerbitzuan. Autismoa bezalako diagnostiko batek familia horien bizi proiektua hankaz gora jartzen du eta euren bizimodua erabat aldatu eta birmoldatu behar izaten dute. Dolu prozesu gogor batean sartzen dira hasieran, erraietaraino iristen da mina, gogorregia batzuentzat. Bidean erronka berriekin topo egingo dute, errazak ez direnak, espero ez zituztenak eta ustekabekoak. Baina horretarako gaude espezialistak, guraso hauen ibilbidean argitasuna eskaintzen saiatuko garenak. Eta zuek: gurasoak, haurrak, aiton-amonak, irakasleak…