Leire Azkue - Matraka Eibarko Gazte Feministen taldea
Leire Azkue - Matraka Eibarko Gazte Feministen taldea

Autodefentsa feminista: arauak hausteko eta bizitzak erdigunean jartzeko

2026/11/20

Zer esan nahi du gaur egun feminista izateak? Nor sartzen da borroka horretan, eta nor geratzen da kanpoan? Galdera horiek egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, batez ere feminismoaren izenean ere diskurtso transbaztertzaileak zabaltzen diren garai honetan. Guretzat, argi dago: ez dago askapen feministarik sexu-genero disidenteen errealitateak ukatzen badira. Ezin dugu sistema patriarkala irauli nahi dugula esan, haren arauak erreproduzitzen jarraitzen badugu.

Transfeminismoak aukera ematen digu emakume eta gizon izateko modu bakarra dagoela dioen ideia zalantzan jartzeko. Arau zisheterosexualak gorputzak, desirak, harremanak eta bizitza-proiektuak antolatzen ditu; zer den normala eta zer ez, zer den onargarria eta zer zigortu behar den erabakitzen du. Baina arau horiek ez dira naturalak, ezta aldaezinak ere. Horregatik, transfeminismoa ez da feminismoari beste borroka bat gehitzea soilik: gure gorputzak eta harremanak ulertzeko modua bera eraldatzeko proposamena da.

Neska eta sexu-genero disidenteok ibilbide desberdinak ditugu, eta indarkeria espezifikoak jasaten ditugu. Ez dugu esperientzia bakar batetik hitz egiten, ezta denok zapalkuntza modu berean bizi ere. Hala ere, desberdintasun horiek aitortzeak ez du esan nahi banandu behar dugunik. Aitzitik, gure arteko aliantzak eraikitzea eta subjektu politiko desberdinei beren ahotsa eta protagonismoa aitortzea ezinbestekoa da. Ez gaitu berdinak izateak elkartzen, sistema patriarkalaren aurka borrokatzeko proiektu politikoak baizik.

Hortik ulertzen dugu autodefentsa feminista ere. Autodefentsa ez da soilik eraso bati aurre egiteko erantzuna, ezta geure burua indarkeria-testuinguru batean babesteko estrategia hutsa ere. Gure bizitzak kontrolatzen dituzten arauak desobeditzea da; gure gorputzak, desirak eta harremanak askatasunez bizitzeko espazioak sortzea. Lagunak eta zaintza gure bizitzen erdigunean jartzea, espazio politiko eta publikoak berrartzea eta elkarrekin beste bizimodu batzuk irudikatzea ere autodefentsa da.

Ez dugu sistema zisheteropatriarkalak ezarritako mugen barruan leku apur bat gehiago eskatzen. Muga horiek nork ezarri dituen eta zertarako balio duten auzitan jarri nahi ditugu. Ez dugu arau horietara egokitzen ikasi nahi; arauak beraiek eraldatu nahi ditugu.

Horregatik, guretzat autodefentsa feminista ez da soilik defendatzeko tresna: bestelako mundu bat eraikitzeko estrategia politikoa da. Eta mundu hori guztiontzat izango da, edo ez da izango.