DANEL DE PRADO REQUENA
DANEL DE PRADO REQUENA

Azkenik, natura irabazle

2024/11/08

Astebete igaro da denboraleak Valentzia eta inguruko lurraldeak gogor astindu zituenetik, uholdeek haien bidean zuten guztia bortizki eramanez. Ondorengo egunetan, anabasa eta babesgabezia izan ziren nagusi kaltetutako herrietan, eta egunak pasa ahala, geroz eta okerragoak izaten ari dira honi buruz heltzen zaizkigun albisteak. Zalantzarik gabe, okerrena 200 lagun baino gehiagok bizia galdu izana da, makina bat pertsonek desagertuta jarraitzen duten bitartean. 

Hondamendi honen kausa ulertzeko zenbait arrazoi eman dituzte. Besteak beste, ezohiko euritea izan zela nabarmendu da, 500 l/m2-tik gorako prezipitazioekin. Horrez gain, Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) alerta gorria ezarri arren, Generalitateak salbuespenezko neurriak garaiz hartu ez izana aipatu da. Klima aldaketak fenomeno hauen maiztasunean eta intentsitatean duen eragina ere aipatu da. Azkenik, uholde-arriskua duten guneetan eraiki izanari eta, oro har, hiri-antolamenduari azpimarra jarri diote. 

Azken puntu honi erreparatu nahi diot nik. Izan ere, zenbaitek alerta gorriko egoeran Generalitatearen kudeaketa desegokiari eman diote garrantzirik handiena eta, egia esan, ez dago hauxe ukatzerik. Baina, zoritxarrez, kudeaketa hobe batek ez lioke uholde-arriskuaren arazoari errotik aurre eginen, egoerari adabaki bat besterik ez lioke jarriko, ondorioak leuntze aldera. Haatik, hirigintzari buruzko adierazpenak urriak izan dira, gai honek duen pisua ia erabat galduz. 

Leku askotako herrigune historikoak behatuz gero, salbuespenak salbuespen, ibai eta erreken ibilgutik aldendutako kokapena izan ohi dutela ikus daiteke. Ur-goraldien indarraz jabetuta, herriek arriskuak ekiditeko neurriak hartu zituzten garai batean, erreka inguruak nekazaritzarako eta burdingintzarako erabiliz. Azken hamarkadetan, baina, hainbat arrazoi edo premia medio, ibai inguruko lurretan eraikitzeko joerak nabarmen egin du gora, herriguneak zabaltzeko asmoz, uholdeen ezohiko maiztasuna aitzakia hartuta ekintza hau justifikatzeko. Ibaien ekosistemari eta bere ezaugarriei bizkarra emateak dituen ondorio latzak, ordea, agerikoak dira. “Azkenik, natura irabazle”. 

Valentzian gertatutakoak hurrengo urteetan gauzatu nahi dugun hirigintza-ereduaren inguruan hausnartzeko balio beharko liguke. Bizigune erresilienteak beharrezkoak ditugu eta, horretarako, orain arteko joera aldatzea ezinbestekoa da. Izan ere, funtsean merezi al du hondamendi bat jasateko arriskua hartzeak?