ENRIKE SOSOLA
ENRIKE SOSOLA

Babian

2025/09/16

Leongoak dira Estela eta Antolin, estimu handiko bi adiskide aspaldiko. Biak ala biak umetan etorriak edo ekarriak Leongo  iparraldeko bi herri txikietatik, La Bañeza eta Omaña eskualdetakoak, hurrenez hurren. Orain erabat eibartartuta daude baina, urtero, abuztuan, jaioterrira joaten dira oporrak pasatzera. Aurten, baina, Eibarrera itzuli behar izan ziren nahi baino lehenago, larri, oporraldia bertan behera lagata. Sute-mehatxuaren kezka gehiegizkoa izan zen.

Kasualitatez, inguru horretan pasa ditugu astebeteko oporrak, Babia izeneko  eskualdean. “Babian egon gara” bai, suteak indarrean egon diren garai-garaian gainera. Eta goizero jaikitzean honetxek: ke-gandua, eguzki gorria, ke-usaina. Pentsa: itzultzeko egunean kanpin-denda kedar beltzak estali zigun. 

Nik neuk ez nuen sugarrik ikusi, baina txundituta geratu naiz hango paisaiaren ederraz, handitasunaz, eta abandonoaz. Era berean, harrituta sute handi horien dimentsioak sortu duen ezusteagatik. Esan nahi dudana da suak zizelkatutako paisaia dela Leongo mendietakoa. Suzaleak diren landareak gailendu dira mendeetako kudeaketa jakin baten ondorioz. Neguko sua erabili dute bertako biztanleek basoa “nerabezaroan” mantentzeko, belardi-sastrakadiari eusteko: euren burua betikotzeko sua erakartzen duten landare gogorrak. 

Halabaina, suaren kultura milurtekoa desagertu da paraje horretan. Landa-eremua hustu da, edo dute. Nekazaritza-ganaderitzaren ordez ehiza eta turismoaren dirua errazago doa udalerri txiroetara. Su-usadioak galtzearen ondorioz, erregai izugarri metatu urtez urte eta 6 belaunaldiko sute erraldoi kontrolbakoak hedatu dira. Hauen bero-indar demasak  landaredi sukoia bera ere akatzen du, lur emankorra babes gabe utziz, erosio eta euriteen mende. Hondamendia. Berba aproposagorik bada gure euskerazkoa baino?

Gure mendiak nanoak dira hangoen aldean. Baina badute antzekotasunik, besteak beste gure landa eremuaren abandonoagatik gailendu den  sastrakadiaren nagusitasuna. Bi esatearren: Ermua-Amañako mendi malkarra eta Urko mendia arrisku biziko bi zonalde dira. Bihar, etzi edo etzidamu erreko dira, bai ala bai, interbenitu ezean. Nola? Erantzuteko hausnarketa eta ikerketa behar dira, arazoak ertz ugari dituelako, eta  planifikazioan asmatzeko gero. Izan ere, gai honetan lo, ilargian, izarretan  gaude oraindik, “babian”.