Beldurra presidente
Azaroaren 29ra arte gauza askori buruz hitz egingo dugu: etxebizitzaz, pentsioez, immigrazioaz, Euskadiz, Sanchezez, eskuin muturraz, trenez, segurtasunaz edo autogobernuaz. Gaiak desberdinak dira, eta mezu bera dago atzean: kontuz besteek irabazten badute.
Kanpaina ez da telebistako eztabaidan bakarrik gertatzen. Instagramen agertzen zaigu, albiste baten titularrean, tabernako alboko mahaian edo kuadrillako batek bidalitako TikTok batean.
Mezu horiek funtzionatzeko mehatxu bat behar dute: galtzeko zerbait, saihestu beharreko egoera bat edo errudun bat. Horregatik, kanpaina bakoitzak bere munstroa eraikitzen du.Batzuentzat PP eta Vox dira; beste batzuentzat Sanchez. Batzuentzat immigrazioa da arazoa, beste batzuentzat Euskadik erabakitzeko gaitasuna galtzea, eskubideetan atzera egitea edo ekonomiak okerrera egitea. Munstroa aldatzen da, baina logika ez horrenbeste.
Horregatik funtzionatzen du hain ondo beldurrak politikan. Ez da emozio sofistikatua. Kale ilun batean zarata bat entzuten dugunean bezala, lehenengo erreakzioa ez da egoera lasai aztertzea, baizik eta adi jartzea. Gero etorriko dira arrazoiak eta datuak; lehenengo, gorputzak erantzuten du.
Etorkizun hobe bat azaltzea zaila da: proposamenak, zenbakiak eta denbora behar ditu. Besteek irabazten badute zer galduko duzun azaltzea, berriz, askoz sinpleagoa da. Arazo bat erakutsi, arriskua handitu eta esan: lasai, nik konponduko dut.
Horrek ez du esan nahi arazoak asmatuak direnik. Etxebizitza, immigrazioa, autogobernua edo segurtasuna benetako kezkak dira. Kontua da nola kontatzen dizkiguten eta zer piztu nahi duten guregan.
Azaroaren 29an hauteslekura sartzen garenean, boto-paperarekin batera gauza gehiago eramango ditugu. Paper hori tolestu eta gutun-azal zuri batean sartuko dugu. Kanpotik, boto bat besterik ez da izango. Barruan, ordea, programa bat, promesa batzuk, esperientzia bat eta, agian, baita beldur bat ere.
29an, agian, beldurra izango da presidente.