IMANOL MAGRO
IMANOL MAGRO

Beldurraren trapitxeroak

2025/01/24

Duela hilabete pare bat gertatu zitzaidan. Arrazoi pertsonalengatik jasotzen nituen telefono dei guztiak hartu behar izaten nituen, baita ezagutzen ez nituen zenbakietakoak ere. Astebeteko epean etxean segurtasun alarma jartzeko hiru eskaintza jaso nituen: nire orduko telefonia konpainiarena, banku batena eta supermerkatu kate ezagun batena. Inoiz ez zitzaidan burutik pasa ere egin jartzerik, eta eskaintzek harritu ninduten.

Hedabideetan alarma iragarkiek duten tokia aztertzen hasi nintzen. Telebistako goizeko programetan, irrati magazinetan, egunkarietan... Izugarri hedatu dira. Hor negozioa ikusi du norbaitek. Alarmak saltzeko, baina, beldurra sortzea ezinbestekoa da. Beldur ez denak ez baitu alarmarik erosiko. 

Eta nola erein beldurra? Estatistikek argi diote delinkuentzia behera egiten ari dela Euskal Herrian, eta ziberdelituengatik ez balitz lapurretek asko egin dutela behera azken urteetan. Salbuespena Donostia eta Bilboko gune oso turistikoetako lapurreta txikiak dira. Beraz, objektiboki, lapurretarik ez jasateko neurri eraginkorrena Internetez ez erostea da. 

Baina beldurrak trapitxero onak ditu. Hedabideez gain, zenbait alderdi politiko, auzokide elkarte, eta polizia sindikatu ere hor daude, ustezko segurtasun gabeziaren aitzakian agente kopurua handitzeko eskatuz. Pentsa, ETAren eta heroinaren izurriteak eragiten zuen eguneroko delinkuentziaren garairik okerrenetan baino polizia gehiago behar direla diote. Eta noski, hori guztia arrazakeriaren saltsarekin zipriztindua.   

Trapitxeroen nahia haien diskurtsoa erostea eta etxean gure bunkerra erostea da. Behar eta mamu faltsuak sortzea merkatu estrategia zaharra da, eta kasu honetan komunitatea suntsitzeko duten ahalmena, izugarria. Alarmen atzean arazoei konponbide indibiduala ematearen filosofia dago, eta modu kolektiboan ez garatzearena. Bizilagunei etxeko giltzen kopia bat uztearen ohitura zergatik galdu da? Martxa honetan bizilagunengan genuen konfiantza ere galduko da, eta hori da hain zuzen herriak berezi egiten dituena.