Araceli Guerrero
Araceli Guerrero

"Beti modan, baita lan bila gabiltzanean ere"

2022/06/14
Gure jendarteak azken joeren inguruan etengabe adi egotea eskatzen digu, bazterrean ez geratzeko: arropa-joerak, modan dauden ile-mozketak, mugikorretarako app berriak, gaurkotasuneko kirolak (kaixo padel, agur petanka)… Eta horrela milaka eta milaka adibide jarri ditzakegu. Orduan, zergatik izango zen desberdina lana bilatzeko orduan?

Duela hainbat urte, atez ate joaten zen, curriculuma eskuan, tailerretan langileak behar ote zituzten galdezka. Orain, datuak babesteko legearen, pandemiaren eta teknologien erabileraren ondorioz, ia ezinezkoa da enpresa batek curriculum vitaea paperean jasotzea. Gainera, ez dago gasolina merke autoarekin industrialdetik industrialdera ibiltzeko. Nola egingo dugu orduan?

Curriculumari dagokionez, aproposena diseinuzko curriculum bat egitea izango litzateke. Badaude, horretarako, interesgarriak diren aplikazioak, Canva esaterako. Kontuan izan behar da orrialde bakarra izan behar dela eta nabarmendu nahi diren gauzak leku pribilegiatuan jarri behar direla.

Curriculumarekin batera, marka pertsonala garatu behar da. Hau da, lana bilatzeko web orrietan, sare sozialetan eta enpresen plataformetan erabili behar diren irudiak (argazkia, adibidez) eta testuak pentsatu eta landu. Leku guztietan argazki eta testu berberak edukitzea komeniko litzateke.

Hori guztia prest dagoenean, lana bilatzen has gaitezke. Baina, nondik? Izan ere, pertsonaren profilaren, helburuen eta gaitasunen arabera erabilgarriagoak izango dira lana bilatzeko kanal batzuk edo beste batzuk. Adibidez, kualifikatuak diren lanpostuetarako ezinbestekoa da LinkedIn erabiltzea edo Infojobs eraginkorra izan daiteke eskaintzak ikusteko sarritan sartzen diren pertsonentzako, baina ez noizean behin sartzen direnentzako.

Ikusi daitekeenez, lana bilatzeari dagokionez, horretan ere modan egon behar dugu; diseinuzko curriculuma, marka pertsonala, lana topatzeko kanalak… Gauza horiek guztiak egiteko gai izan behar dugu eta, ezin badugu, Eibarren badago non eskatu laguntza.