Asier Azkue
Asier Azkue

"Bigarren mailako biztanleak"

2020/01/11
Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela dio Konstituzioaren 47. artikuluak. Gainera, herriaginteek era guztietako erraztasunak jarriko dituzte alokairuen prezioa espekulatzaileen atzaparretatik at lagatzeko. Teoriak behintzat hori dio. Errealitatea, aldiz, guztiz desberdina dela ikusteko ez daukagu oso urrun joan beharrik. Hortxe ditugu hutsik aurkitu ditzakegun ehunka pisu eta pisurik aurkitzen ez dituzten beste ehunka lagun.

Gauza guztiekin gertatzen den bezalaxe, “etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea”-k ez du egungo logika merkantilistetatik ihes egiten. Honek jada diskriminazio egoera bat sortzen du, besteak beste, pertsona askok ez dutelako merkatuak ezartzen dituen prezioei aurre egiteko inolako ahalmenik. Bi faktorek baldintzatzen dute diskriminazio hori: soldatan agertzen diren zenbaki kopuruak eta azalaren koloreak.

Eta higiezinen merkatua ez da salbuespen bakarra, baina etxebizitza bat izateko eskubidea ezinbestekoa izanda -pertsona baten bizi-iraupena egoten da jokoan-, gero eta larriagoa izaten da kanpotarrek pairatzen duten pribazioa. Agentzia askok ez dute ezer jakin nahi izaten interesatuak atzerritarrak direnean, negozioaren errentagarritasuna zalantzan ikusten dutelako. Ondorioz era guztietako aitzakiak jartzen dituzte eta traba burokratikoek zailtasunez betetzen dituzte tramitazio prozesuak.

Kapitalismoaren baitan gertatzen diren klaseen arteko kontraesanetan, etorkinak dira merkatuak eskaintzen dituen onuretatik kanpo gelditzen diren lehenengoak; batzuetan lan-esku merke gisa, besteetan kale gorrian. Higiezinen agentziak eskaintzen dizkiguten kasu lotsagarriak icebergaren tontorra baino ez dira. Konstituzioak espainiarrak izendatzen ditu lehenik eta behin, pista bat izango ote?