ALAITZ GARATE
ALAITZ GARATE

Biolentzia ezkutua

2026/04/09

Duela pare bat aste Eibarren Bidebarrieta kalean familia bat etxegabetu zutela publikatu zen. Hiru adingabe dituen familia bat, inongo etxebizitza alternatibarik gabe.

Errealitatea da. Gora doa kale gorrian dauden pertsonen kopurua.

Agintariek desalojoak agintzen dituzte, kale-egoeran dauden pertsonek bizitokitzat hartutako lekuak husteko. Politikariek, poliziek, epaileek, burokraziak nahiz komunikabideek osatutako zurrunbilo horretan, etxegabetze horiek ez dira ez puntualak ezta toki zehatz batera mugatutakoak ere.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian, 8.000 pertsona inguru daude etxerik gabe. Eta sindikatuak berak ikasturte honetan jakinarazi duenez, batez beste, hiru etxegabetze izaten dira egunean Euskal Herrian.

Etxebizitza bizirauteko oinarrizko baliabidea da. Etxebizitza bat eskuratzeko dirua eduki behar bada, etxebizitzaren kalitatea eta etxebizitza izateko aukera klase sozialaren araberakoa izango da beti.

Ardura indibiduala izatetik urrun, hori gauzatzen duen sistemari erreparatu behar zaio. Etxebizitzaren arazoa deritzoguna, beraz, sistema kapitalistan oinarria duen arazoa da. Jabe batzuek ehundaka etxebizitza dituzten bitartean, milaka pertsona kale gorrian bizitzera kondenatuta daude eta beste hainbeste kanporatuak dira sistematikoki.

Doako etxebizitzaren ideia ez da ideia oso konplexua, eta, hala ere, errazago bururatzen zaigu prezioa pixka bat jaitsi beharko genukeela etxebizitzaren arloko askotariko arazoak konpontzeko eta eztabaida izango litzateke zenbat jaitsi beharko litzatekeen eta zeren kontura, erabat doako etxebizitza izatearen aukera baino.

Proposamen horiek guztiak, sistema kapitalisten esparruan egin behar diren erreforma zehatzetara mugatzen dira, ez dira arazoaren errora joaten eta ez dituzte enpresari eta jabeen irabaziak zalantzan jartzen.

Arazoari benetan aurre egin nahi bazaio, etxebizitza merkantzia bihurtzen duen logika zalantzan jarri beharko da. Bitartean jarrai dezagun sarbide unibertsaleko eta kalitatezko etxebizitzaren alde borrokan.