"Bizitza bizitzeko egina dago" (Desirée Magro)

2021/11/02
Badirudi denbora zein espazioa bere gain tolesten denaren teoria azaleratu dutela. Fisikari batzuk diotenez, denboran bidaiatu ahal izango dugula azaltzen duen teoria da.

Horrek nere burujana sortu dit. Posible ote da?  Nola litzateke denboran atzera egitea? Eta zein izango litzateke gure iragana aldatzearen eragina?

Argi daukat denok aldatuko genukeela gure iragana. Nahiz eta egindakoaren ondorioak onartu behar ditugula uste, ziur nago hartu genuen erabaki bat edo beste, edo izandako jokaera hura, aldatu nahiko genituzkela.

Eta bat-batean, berriz bizi nahiko nituzkeen momentuak etorri zaizkit burura. Ezin ukatu gure artean ez daudenenekin bizitako uneak izan direla oroitu ditudan lehenak... Izan daiteke zure seme-alabak eskutik heldu zintuen lehen unea edota taberna hartan begi berde haiekin gurutzatu zenuen begirada, denak itzuliko ginateke noizbaitera.

Baina, agian, hor dago gakoa. Azkenean une hori bizitakoa den heinean, berriz itzultzeak ez du zentzu handirik. Bai jakinaren gainean gaudelako, bai bizitakoa den zerbaitek bere aztarna utzi izan duelako, uneak ez du balio berdina. Azken finean, bapatekotasuna guztiz galdu du.

Teoria hutsa da, bai, eta epe motzean ez dirudi denboran bidaiatu ahalko dugunik eta, agian, hobe. Horrek bizitza bizi behar dugula gogorarazten badigu, are gehiago, unez une, momentuz momentu.