David Karba: "Kultura segurua da"

2020/09/22
Martxoaren 12a zen eta alarma guztiak pizten hasi ziren. Eguen hartan kultur agenda guztia nola erortzen zen ikusi genuen; bandek eta aretoek bertan behera utzi behar izan zituzten kontzertuak eta ikuskizunak. “Oso luze ez joatea espero dugu”, esaten genuen. Asteburu hartan bertan ‘Arima’ taldearen kontzertua prestatzen ari ginen Ez Doken. Gogo handia genuen, hurrengo asteetarako agenda izugarria prest genuelako.

Hala ere, egoera horretan ikuskizun hura eta gero etorriko zirenak bertan behera laga behar izan genituen. Barixaku hartan, martxoaren 13an, tabernako ateak itxi genituen eta arima pixka bat erori zitzaigun.

Ordutik zazpi hilabete pasa dira eta egoerak okerrera egin du. Zazpi hilabete hauetan sektore asko gutxietsi egin dituzte. Zazpi hilabete hauek zalantzazkoak izan dira kulturaren sektorearentzat eta, egoera ikusita… berdintsu jarraituko dugu. Bihotzean min egiten dit lagunak eta sektoreko kideak lan egin gabe, laguntza barik eta etorkizun grisaren aurrean ikusteak. Aforo murriztuarekin arauak eta segurtasun-neurriak betetzen dituzten ikuskizunak bertan behera laga dituzte. Gainera, egunerokoan egiten ditugun gauzen % 90a baino hiru aldiz seguruagoak dira. Lanera joan eta autobusean edo metroan bidaiatzea baino seguruagoak dira, ziur. Gauzak horrela, erabat imajinaezina da zerumugara begira jarri eta lehen bezalako kontzertu bat irudikatzea. Baztertu egiten dut aukera hori. Eta, bitartean, Kultura Ministroak arreta gehiago jartzen dio Messiren etorkizunari bere lana egiteari baino.

Gasteiztik Eibarrera beteta doan autobusean idazten dihardut artikulu hau eta zalantzak ditut autobus honek amildegira bultzatu dituzten beste sektore kaltetu batzuk hartu dituzten segurtasun-neurriak betetzen ote dituen.