Arantza Leitza
Arantza Leitza

"Denontzako gizarte aske, justu eta parekideago bat aldarrikatu nahi dut" )

2019/03/07
Aitortu beharra daukat, benetan, feminismoa zer den nire lanbideari (irakaskuntzari) esker ezagutu dudala. Eskoletan hezkidetza planak egitea eskatu ziguten, eta, horri esker, irakasle eta ikasleon arteko harremana, erabiltzen ditugun materialak, metodologiak, hizkuntza, curriculuma, eskolako espazioen antolaketa eta jai eta ospakizunetan hezkuntza-komunitate osoari transmititzen dizkiogun balore eta ereduak berraztertu genituela. Horrela, hezkidetza eta feminismoari buruzko jakin-mina piztu zitzaidan. M8ko herri-plataforman parte hartzeko gonbitea jaso nuenean, ez nuen zalantzarik izan. Hor ere, lan eginez, ikasten jarraitzeko aukera paregabea niretzat.

Ibilbide guzti horri esker, garbi daukat Martxoak 8an protagonistak emakumeok* izan behar dugula, eta oker daudela emakumeon* berezitasunaren errekonozimendua bakarrik bilatzen dugula pentsatzen dutenak. Egun horretan, nik ere esplotazioa, bazterketa eta zapalkuntza sortzen duen gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoa salatu nahi ditut. Nire ustez, arazoa ez da  bakarrik gaur egungo gizartean gizonak jaun eta jabe izatea, “klase-egituren” (sistema hierarkikoaren) menpe bizitzea baizik. Pertsona guztiontzako gizarte aske, justu eta parekideago bat aldarrikatu nahi dut, eta garrantzitsua iruditzen zait soldatapeko zein doako eta ikusezinak diren emakumeok* egiten ditugun lan guztiak, egun batez, bertan behera uztea, injustizia, esplotazioa, bazterketa eta zapalkuntzaren adierazgarririk hoberenak baitira.