Oier Araolaza
Oier Araolaza

"Distantzia berriak ikasten"

2020/06/10
Gertatu zaizue inoiz norbaitekin hizketan deseroso sentitzea asko hurbiltzen zitzaizuelako? Distantzia fisikoa etengabe zaintzen ari gara egunotan. Kontzienteki ari gara, larrialdi honi aurre egiteko neurri nagusietako bat horixe baita, gure arteko distantzia zaintzea. Baina honen aurretik ere neurtzen genuen tartea, gehienetan oharkabean egiten bagenuen ere.

Proxemika du izena elkarrekin komunikatzerakoan gure arteko espazioa eta distantzia nola erabiltzen dugun ikertzen duen alorrak. Edward Hall antropologoak sortu zuen diziplina hau 1968an. Antropologoek ikusi zuten munduan barrena kultura batzuetan gertuago eta beste batzuetan urrutiago kokatzen zirela elkarrizketetan parte hartzen zuten pertsonak. Kultura berean ere, norbanako guztiak ez dira neurri berean egokitzen. Gainera, pertsonen arteko distantzia afektiboak ere eragiten du distantzia fisikoan; ez gara berdin kokatzen bikotearekin, lagunarekin, ezagunarekin edo ezezagunarekin hitz egiteko. Elkarrizketaren formatoak ere eraldatzen ditu distantziak: badago tartea lagunarteko giro informala izan ala lan harreman formala izan, eta dendaria eta bezeroaren artekoa ala epailea eta akusatuaren artekoa izateak ere eragiten du alderik.

Gertatu zaizue inoiz norbaitekin hizketan hasi eta elkarrizketak iraun bitartean hainbat metro mugitu zaretela ohartzea? Ohikoa izaten da hori bakoitzak elkarrizketa horretan bilatzen duen distantzian diferentzia dagoenean. Batek gertutasun handiagoa bilatzen du eta oharkabean pausotxoak ematen ditu aurrera. Besteak ordea, tarte gehiagoren beharra sentitzen du, pausoak egiten ditu atzera. Biak oharkabean aritu daitezke, baina batek aurrera eta besteak atzera, konturatu gabe mugitzen doaz espazioan. Esaten dutenez, ONUren pasillo luzeetan punta batetik bestera mugitzen dira kultura desberdinetako hiztunak.

Gure proxemia, harremanetarako darabilgun distantzia-neurria, hankaz gora joan zaigu covid19 pandemia honen eraginez. Orain distantzia berriak finkatzeko ahaleginean ari gara. Aurretik erabiltzen genituenak baino tarte handiagoak mantentzen ikasten ari gara. Baina lehengo neurriak indarrean ditugu eta, maiz, distantzia zaindu beharra ahaztu eta gerturatu egin garela ohartzen gara. Egoera hau luzatzen bada, eta itxura du hala izango dela, distantzia berrietara ohitzen joango gara, eta gerta daiteke datozen urteetarako gure proxemia kulturala eraldatzea.