Divide et impera
Hasiera batean bateratua den edozein borroka arrakalatzera kondenatuta dago. A priori helburu bakarra zuen haserre antolatuen baitan iritzi ezberdinak sortzen dira. Eta feminismoa ez dago kondena horretatik salbu. Mugimendu honen barne-kohesioa gehien zapuzten duen auzietako bat prostituzioarena dela esatera ausartuko nintzateke. Izan ere, perspektiba feminista ezberdinek talka egiten duten bidegurutzearen aurrean gaude: batetik, prostituzioa sexu-askatasunari lotutako lantzat duen ikuspegia dago; bestetik, emakumeen gorputzaren salerosketan oinarritutako indarkeriazkotzat jotzen duena.
Premisa hau abiapuntu, muturreko ikuspuntuen arteko talkak eztabaidaz josten du feminismoa. Kritikak aberasgarriak izan daitezke, baina edozein diskurtsok zintzotasuna galtzen du bestearen ahotan esan ez direnak jartzen direnean. Abolizionismoak adiera ezberdinak izan ditzakeen arren, feminismoaren barruan, mugimenduaren iparrarekin bat egin behar du ezinbestean. Hori horrela, abolizionismoaren izena zikintzeak feminismoaren lerroetan borrokatzen duten ahotsen pentsamendua itxuragabetzea dakar. Gaizkiulertuak ekiditeko, zera azpimarratu behar da: sistema patriarkalaren biktima diren emakumeen estigmatizazioa eta baztertzea ezin dela, inolaz ere, feministatzat jotzen den diskurtso baten parte izan. Are gehiago, hala defendatuko balitz, iritzi horrek ez luke mugimenduaren kapa morea janzteko zilegitasunik izan beharko.
Gakoari helduta, sistemaren muga eta zapalkuntza makilatuen baitan hartutako erabakiak askeak ote diren galdetu beharko genioke geure buruari. Feminismoaren barne-talkak emankorrak izan daitezke, baina elkarri harriak botatzen gabiltzan bitartean, indarrak xahutzen ari gara. Horra hor divide et impera. "Sexu-askatasuna" bezalako kontzeptuen inguruko borroketan murgilduta, ezin dugu sistemaren argazki orokorra ahaztu. Indarkeria asko zuritzen dira "askatasunaren" izenean, hautu horien atzean dauden baldintzapenak ahaztaraziz. Fikziozko askatasun horretan sinesteak sistema patriarkala egonkortu eta betikotu besterik ez du egiten. Agian, gure arteko eztabaida antzuetan galtzen garen bitartean, xake-jokoaren pieza huts bihurtu gara, joko-zelaia sistemak berak ezarri duela ahaztuz.