LUKENE PIÑEIRO ALBERDI
LUKENE PIÑEIRO ALBERDI

Drogen kontsumoa: arduratsua?

2025/12/19

“Drogak arduraz kontsumitzea” esaldiak badu dikotomia baten kutsua: drogak arduraz kontsumitu daitezke? Hala bada, zer-nolako drogak? Alkohola drogen demonizazioaren barruan sar genezake? Eta, akaso, badago demonizaturik dagoen drogaren bat egun?

Egia da aspaldi utzi geniola gizarte gisa alkohola demonizatzeari, eta hitz horrek zekarren konnotazio negatiboa droga “gogorragoei” esleitu geniola. Halaber, badirudi horrelako “droga gogorrek” alkoholaren bidea jarraitu dutela eta hauek ere normalizatzen hasiak garela honezkero. Izan ere, duela urte batzuk ezkutuan egiten ziren gauzei argiztapen soziala eman diegu, eta horri eskerrak entzun ditzakegu gaurkoan “drogen kontsumo arduratsua” bezalako esaldi gatazkatsuak. Jakina, badago drogen auzia mahaigaineratzen den bakoitzean agertzen den argudio famatua: alkohola ere kaltegarria dela. Hala ere, argitu beharra dago eztabaidaren helburua ez dela inolaz ere alkoholaren apologia egitea –nahiz eta onartu beharra dugun alboratutako aurrez aurreko elkarrizketa horiek poteoek, kafearen pare, zertxobait berreskuratu dituztela–.

Horrenbestez, arduragabekeriaren eta arduraren arteko marra finean kokatzen den eztabaidara bueltatuz, hona hemen koxka: “arduratsu” izatearen interpelazio horrek badu arrisku argi bat: erabakia norberarena dela pentsatzea. Hots, diskurtsoak iradokitzen du baditugula autonomia eta baliabide nahikoa norberaren kontsumoa kudeatzeko (eta beharbada gizartearen kapitulu hori galdu dut, baina uste dut oraindik ez garela utopia horretara iritsi). Baina, kontuz!, askatasunaren erromantizazio faltsuak borondate askea idealizatzen du, norberaren erabakimenetik at dauden egitura eta faktoreak lausotuz, hauek ia desagerrarazi arte. Eta hori da, hain zuzen, normalizazioaren mekanismo –eta arrisku– nagusia.

Baina orduan, zer da benetan arduraz jokatzea? Zertan datza ardura hori, ardura bera ez bada askea? Ardura hartzeak aske egiten al gaitu? Ba al dago auzi honetan askatasunerako lekurik?