Iokin Elortza botikaria
Iokin Elortza botikaria

"Eguzkia"

2016/07/15
Uda heldu da, eta ondorioz, eguzkia. Gure umorea hobetuko da, etxetik kanpo nahi ditugun jarduera guztiak egiteko aukera izango dugu, eta askok, gustoko duten azal beltzarana lortzeko aukera izango dute. Baina azken hau ez da beti horrela izan. XVIII eta XIX. mendeetan, azal beltzarana, langileen ezaugarria zen, nekazari eta abeltzainena, eta “eliteak”, beti modak ezarri dituztenak, azala ahalik eta zuriena edukitzen saiatzen ziren.
Aurrekoa XX. mendearekin aldatu zen, Coco Chanel aitzindari, eta Hollywood-en laguntzaz, azala beltzarana modan jarri zen. Dirudunei, azal beltzarana, aisialdian ematen zuten denbora erakusteko balio zien, eta eliteak imitatu nahian, denok azal beltzaranena lortzeko lehian sartu ginen. Olioak, mantekak, hondartzetan ordu amaigabeak, auto-brontzeadoreak, kabinak…..zoramena.
Baina zorionez, XXI. mendearekin batera, gauzak aldatzen hasi dira, eta badakigu, eguzki izpiek onurak badituzte ere, kalte ugari eta arriskutsuak ere badituztela, melanomak kasu, eta azala zaindu behar dugula hauek ekiditeko.
Eguzki izpiek azalaren zahartze prozesuan eragin nagusiena dutela ere badakigu.
Beraz, eguzkiaz gozatu, etxetik kanpo ekimenak egiteko aukera aprobetxatu, baina osasuna eta zimurrik gabeko azala mantendu nahi baduzue, ez ahaztu eguzkiko krema!