Oihane Artetxe Gonzalez/Amaiur Diez Friera
Oihane Artetxe Gonzalez/Amaiur Diez Friera

Emakumeen borroka indarrean jarraitzen duen sistema patriarkal eta kapitalista batean

2025/03/06

Oihane Artetxe Gonzalez eta Amaiur Diez Friera
Indarkeria matxistatik bizirik dirauten ama euskaldunak

Gaur egun, indarkeria eta kontrol moduek indarrean jarraitzen dute; baina, eboluzio baten bitartez, gauzak sotilago eta nomenklatura berriekin sartzen dizkigute. Adibidez, lehen esplotaziotzat har zitekeena orain onargarriagoak diruditen terminoen azpian maskaratzen da: OnlyFansen kontu bat izatea “diru errazaren” modu bat bezala aurkezten da, alokairuko sabelak eta haurtxoen trafikoa “haurdunaldi subrogatu” terminoaren pean mozorrotzen diren bitartean. Prostituzioa, bestalde, “sexu-lan” gisa definitzen da... eta horrela lortu dute kapitalismoak eta patriarkatuak emakumeak eta haurrak produkzio-sistemaren barruko engranaje huts bihurtzea, transakzio ekonomiko batera murriztuz haien balioa.

Gainera, politika publikoak, askotan, modu baztertzailean diseinatu dira, sektore pribilegiatu batzuei soilik mesede eginez, eta botere-egitura zaharkituak indartuz, desberdintasuna iraunaraziz. Ongizate-sistema faltsu bat agertzen da, pertsonen garapen pertsonala eta profesionala sustatu beharrean, herritarren benetako beharrei heltzen ez dieten transferentzia ekonomikoak eskaintzera mugatzen dena. 

Logika asistentzialista horrek iraute hutsari ematen dio lehentasuna, ahalduntzea eta aukera esanguratsuak eskuratzea alde batera utzita. Pribilegioak eskema tradizionaletara egokitzen direnentzat gordetzen dira oraindik ere, eta beste modu batean bizitzen saiatzen diren emakumeek oztopo izugarrietatik nabigatu behar dute. Gainera, erronka horiekin batera, epaiketak eta gaitzespen-begiradak izaten dira, esperientzien aniztasuna sustatu beharrean, status quo-a sendotzea eta edozein aldaketa saiakera deusestatzea bilatzen dutenak. Izan ere, emakumeok egiten dugun guztia, gizonen gozamenerako eta onurarako ez bada, gogaitu eta haserretzen du gizartean.

Oraindik asko dago aldarrikatzeko eta lortzeko, emakumeok gaur egun egin nahi duguna eta lehen egin behar genuena uztartzen jarraitzen dugun une honetan. Hau da, gero eta gehiago dira karrera profesional izugarriak dituzten emakumeak, baina zaintza gehienak jasaten jarraitzen dugu, eta, beraz, lan bikoitza egiten dugu, eta horrek izugarri zailtzen du gure garapen profesionala.

Berdintasunaren eta kontziliazioaren motorra saldu ziguten, baina iruzur bat izan da. Izan ere, ideia horren pean aitatasun-baimenak baino ez dira eguneratu, eta gure baimenak 80ko hamarkadatik daude luzatu gabe, eta horrek egiturazko desabantaila egoeran uzten gaitu, gure gaineko lan karga betikotuz, kontuan hartzen badugu gu garela haurdunaldia, erditzea, erditu ostekoa, edoskitzea... bizitzen dugunak gure gorputzean.

Gainera, kontzeptu horren pean sortu dira zaintza partekatuak ere, askotan berrikuspen egokirik gabe, eta hori arriskutsua izan daiteke, ez baitute beti kontuan hartzen adingabearen interes gorena, ezta familia dinamiken errealitatea ere.

Hori gutxi balitz, eta emakume askorentzat kontziliazioa zaila bada, ama bakarrentzat ez da existitzen zuzenean. Dena bi gurasoko eredu baterako diseinatuta dago, gero eta emakume gehiagok bakarrik hazten dute, eta benetako laguntzarik eskaintzen ez dien sistema bati aurre egin behar diote. 

Eta jakin badakigu, lan merkatuaren eremuan, gaur egun oraindik ere baldintza okerragoak ditugula, soldata txikiagoa, eta emakumeek gehien egiten dituzten lanbideek gizonek betetzen dituztenek baino balorazio txikiagoa dute. Ondorioz, oso gutxi zaintzen gaituen sistema batean aurkitzen gara.

Baina, eguneroko erresistentzia eta sufrimendu horretatik ustekabeko indar bat sortu da: justizia nahi sakon bat, ezin dena ezabatu, ez bahiketekin, ez mehatxuekin, ez indarkeria instituzional baten pisuarekin ere. Izan ere, urte ilunenetan ere, emakumeek aurrera egiteko moduak aurkitu dituzte, beren istorioak eta ondoan borrokatu zirenenak bizirik mantenduz. 

Narratiba horiek amametatik bilobetara igaro dira, ametatik alabetara, eta ondare bat ehundu dute, non belaunaldi bakoitzak ikasten duen justua denaren aldeko borroka ez dela amets idealista bat, premiazko behar bat baizik.

Eta gaur, oihartzun hori inoiz baino ozenago entzuten da. Lehen isiltasunean hil ziren ahotsak kaleetan entzuten dira orain, baita sare sozialetan eta komunikabideetan ere. #MeToo, #Cuéntalo #SeAcabó #Rompeelsilencio... bezalako mugimenduak, forma modernoa izan arren, borroka ibilbide bati jarraitzen dion erresistentziaren lekuko gisa azaleratzen dira. Jatorri eta adin guztietako emakumeak dira, munduan zehar dabilen justiziaren aldeko aldarrian batutakoak. Elkartzen ari gara, tribua sortzen, egin diguten guztia seinalatzen eta kontatzen! Bortxatzaileak inguratzen hasiak dira eta zaldunen ituna apurtzen hasia da. Institutuetan, fabriketan, unibertsitateetan... emakumeak antolatzen hasi diren bezala, honek ez du atzera bueltarik. Gure amonek bezala, badakigu gure bizitzek eta gure askatasunak ez dutela kontrolatu, esplotatu eta gutxietsiko gaituen sistema baten aginduen mende egon behar.

Kontatzen eta partekatzen diren istorioen bidez, isilean eutsi ziotenen oihartzuna oihu unibertsal bihurtzen da. Haurren eta emakumeen aurkako desberdintasuna eta indarkeria ez dira banakako arazoak, historian zehar zoritxarrez izan diren egitura politiko eta sozialak baizik, eta, nolabait, milaka milioiren bizitza baldintzatzen dutenak. 

Hala ere, egiturazko arazoa denez, aldatu ere egin daiteke. Mendeetan zapaltzeko balio izan duten legeak, ohiturak eta erakundeak gizarte justuago bat eraikitzeko tresna bihur daitezke. Horregatik, oroitzapenak eta beren istorioak kontatzeko prest dauden emakumeak dauden bitartean, aldaketarako itxaropenak bizirik iraungo du. Gure amamek isilean hasi zutena gero eta ozenago entzuten den ereserki kolektibo bihurtzen da gaur egun.

M8 honetan gogoratu behar dugu haur eta emakume askoren borrokari esker lorpen asko lortu ditugula, eta gure aurkako indarkeria oraindik ere oso presente dagoela. Hori dela eta, ez du ospakizun eguna izan behar, purple whasing erabiltzen dutenek eta, ondoren, berriro biktimizatzeko eta gu eta gure haurrak babesteko neurri eraginkorrik ez aplikatzeko erabiltzen duten erakunde eta enpresa handiekiko aldarrikapen eta kritika eguna izan behar du. 

Baina M8a borroka feminista bultzatu zuten emakume handien omenezko eguna ere izan behar da. Gero eta gehiago urruntzen ari gara ondoko emakumeari buruz erakutsi diguten ikuspegi patriarkal eta kapitalista horretatik, etsai edo konpetentzia gisa, eta gero eta gehiago ikusten dugu geure burua kide gisa, komunitate gisa, horrela sorore izaten ikasiz. Elkartzen garenean, sentitzen garenean, entzuten dugunean eta elkarri eusten diogunean, denok dakigu zer gertatzen ari den eta zer suposatzen digun emakume langileak izateak. Ildo horretatik jarraitzen dugu, eta martxoaren 8 honetan entzun gaitzatela denok hain berriki ikasi duguna oihukatzen: emakumeek bakarrik salba ditzakete emakumeak. 

EMAKUME ALTZA! HASI DA IRAULTZA!