...eta kitto! Euskara Elkartea
...eta kitto! Euskara Elkartea

Erasoak gelditzeko euskararen erabilera indartzeko garaia da

2026/06/12

Gure herriko Udaltzaingoko sei lanpostu betetzeko deialdian ezarritako C1 euskara-mailaren eskakizuna baliogabetu du Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegi batek. Epaiaren arabera, ez dago behar bezala justifikatuta lanpostu guztietan hizkuntza-maila hori derrigorrez eskatzea, eta eskakizuna "neurrigabea" dela ondorioztatu du. 

…eta kitto! Euskara Elkarteak kezkaz bizi du euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontra auzitegietatik behin eta berriz jasotako sententzia sorta. Azken epaiak, beste behin ere, euskararen biziberritzea oztopatzea du helburu, eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da. Herritarrekin hartu-emana ahoz ez ezik idatziz ere izaten da eta maila egokia behar da.

Zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako noranzkoan doa. Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza egokia eskatzeak herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Baita udal barneko euskararen erabilera normalizatzea ere.

Norabide berean sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara, eta argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako erasoa eta estrategia judiziala da aurrean duguna. Azken urteetan, kontsentsu zabalean oinarritutako eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira auzitegietatik. Beraz,euskararen biziberritze prozesuaz harago, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala jokoan dagoela ikusita, Eibarko Udalari azken epaiari helegitea jartzeko eskatzen diogu. Eta bestetik, lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei eskatu nahi diegu, bakoitzak bere eskumenetik, euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea.

Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara bazterketarako tresna dela adieraztea. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.