Eskola-berrantolaketa eta segregazioa Eibarren
Hezkuntza Saila aspalditik ari da Eibarko ikastetxeen berrantolaketa prestatzen. Antolaketa horren ondorioz, ikastetxeak bateratu, edo ikastetxeren bat itxi ere egin daiteke. Baina, oraingoz, usteak eta hipotesiak baino ez ditugu, hain gai sentikor eta garrantzitsuaren inguruan.
Prozesu honetan gardentasun falta nabarmena da. Orain arte, irakasleak, zerbitzuetako langileak eta familiak beren etorkizunari zuzenean eragiten dion erabaki-prozesutik kanpo utzi dituzte.
Martxoan, irakasleak eta familiak informazio-bileretara deitu gintuzten, baina, handik gutxira, Hezkuntza Sailak bertan behera laga zituen bilera horiek. Zazpi hilabete igaro dira ordutik, eta informazioaren zain jarraitzen dugu: zazpi hilabete azalpenik gabe, elkarrizketarik gabe eta hezkuntza-komunitatea osatzen dugunon parte-hartzerik gabe.
Eibarko eskola publikoak urteak daramatza eskola-segregazio nabarmen eta kezkagarri baten eraginpean, eta orain arte ez da hartu egoera horri buelta emateko neurri eraginkorrik.
2025eko urrian, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako diagnostikoaren arabera, segregazioa Euskadiko hezkuntza-sistemaren «egitura-erronka garrantzitsuenetako bat» zen. Diagnostiko horretan gainera, aitortzen zen «itunpeko sarearen zati batek jatorri migratzailea zuten ikasleen oso ehuneko txikiak eskolatzen jarraitzen zuela, eta horrek sistemaren polarizazio sozialari laguntzen diola».
Afera honek Eibarko zazpi ikastetxeei eragiten die, ez bost ikastetxe-publikoei soilik. Beste era batera esanda: zazpi bizilagunen batzarra deitzea bezalakoa litzateke, eraikina eraberritu nahi delako, baina bi bizilagun eztabaidatik kanpo utzita. Eta, ondoren, hartutako erabakia guztion arteko akordio gisa aurkeztu nahi izatea.
Eibarko eskola-berrantolaketa aukera paregabea izan daiteke desberdintasunak zuzentzeko, eskola publikoa indartzeko eta ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzeko. Baina horretarako, segregazioari aurre egitea eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea bermatzea ezinbestekoak dira.
Elkarrizketa eta parte-hartzea ezin dira oztopo izan; aitzitik, eskola publiko hobea, bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko ezinbesteko giltzarriak dira.

