Euskal Herria irabaztera
Azkenaldian gero eta zailagoa da egunerokoaren gertatzen ari dena ez ikustea. Etxebizitza lortzea ia ezinezko bihurtzen ari da, lan prekarioak gero eta normalagoak dira eta ziurgabetasuna gure belaunaldiaren bidelagun bilakatu da. Aldi berean, gerrak, krisiak eta askotariko zapalkuntzak ugaritzen ari dira. Badirudi zerbait aldatzen ari dela, eta galdera ez da hori gertatzen ari ote den, baizik eta aldaketa horrek zein norabide hartuko duen.
Ezinegon handiko garaiak dira. Eta ezinegon horren aurrean, badira haserrea antolatu eta eraldaketara bideratu nahi dugunak, baina baita kontrako norabidean doazen proiektuak ere. Oldarraldi erreakzionarioa indartzen ari da: sistema kapitalistaren krisiaren ondorioak gainditu beharrean, beldurra, bazterketa eta autoritarismoa proposatzen ditu, arazoen errudunak bilatuz.
Hor dago faxismoaren arriskua. Ez da iraganeko kontu bat, ezta muturreko talde batzuetara mugatzen den zerbait ere. Faxismoa testuinguru berrietara egokitzen den ideologia da, eta gaur egun eraldaketa sozialaren potentzial handiena duten borrokak ditu jomugan, feminismoa kasu. Horregatik, ezin dugu faxismoaren aurka borrokatzeko azken muturrera iritsi arte itxaron.
Euskal Herrian badugu zer esana. Faxismoak espainolismoaren eta jakobinismo atzerakoiaren forma hartzen du, gure herriaren askatasunaren eta erabakitzeko gaitasunaren aurka eginez. Baina urte luzez eraikitako euste-horma ere badugu: borrokaz borroka, antolakuntzaren bidez, beste herri eredu bat eraikitzen ari gara.
Horregatik, antifaxismoa ez da faxisten aurrean erantzutea soilik. Guretzat, bizitza duinak erdigunean izango dituen Euskal Herri aske bat eraikitzea ere bada. Gazteok badugu horretan ardura berezia. Ez gara etorkizuna: orainaldia gara, eta orain ari dira gure bizi-baldintzak eta etorkizuna erabakitzen.
Datorren irailaren 13a ez da egutegiko beste egun bat izango. Donostian kaleak hartuko ditugu, bizi dugun egoeraren aurrean posizioa hartzeko eta gure herriaren aldeko apustua egiteko. «Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez» lelopean, Euskal Herria faxismoaren aurrean euste-horma izateaz gain, alternatiba emantzipatzaile bat dela erakutsi nahi dugu.
Garaiak borroka eskatzen du. Horregatik, irailaren 13an Donostian elkartuko gara: faxismoari ezetz esateko, baina batez ere Euskal Herria irabazteko.