Existitu eta eutsi
Jira-biraka nabil ohean. Begiak ireki eta eskuarekin mugikorra bilatzen dut. Ze arraroa hemen ez egotea, seguru erori egin dela. Zer ordu ote da? Ezin da oso berandu izan. Oraindik denbora izango dut, seguru. Gau zaila izan da, amesgaiztoen arteko loezina. Baina dena ondo joango da, eguna hasi besterik ez da egin. PI PI PI. Mugikorraren alarma da. Denbora amaitu da. Goizeko seiak dira eta ez dut lorik egin.
Aharrausi egiten dut eta gorputza luzatzen dut, jaikitzeko unea dela sinestarazteko. Gorputzak ezetz dio, nekatuta dago. Buruko ahots batek beste minutu bat eskatzen du, mesedez. Bale, ondo da. Sabaira begiratzen dut. Jarriko dudan kamiseta bezain zuria da. EGIA DA! Ez dut tenperatura ikusi… Atzo ikusi nuen, baina ez dut gogoratzen. Nahikoa izango al dira kamiseta eta galtza motzak? Ez dakit. Jaiki egin beharko nintzateke. Atzo berandu lokartu nintzen, testu batzuk nituen berrikusteko. Pendiente daukat. PI PI PI. Kasu hauetarako jarrita daukadan alarma da. Buruak irabazten du, eta gorputzak ez du laguntzen.
Ohetik jaikitzen naiz. Mugikorra hartzen dut. Bale, beste arropa bat aukeratu behar dut. Baina lehenbizi leihoak ireki behar ditut. Etxea egurastu beharra dago. Paisaiak pozten nau, urteetan ohituta egon naizenetik ezberdina. Komunera noa, eskuak, aurpegia eta hortzak garbitzen ditut. Sukaldera noa, jangelako mahai gainean oraindik BOE 2026- 8284 316 Errege Dekretua dago, aparteko erregularizazioa xedatzen duena. Argitaratu zenetik aztertu dut, orriek ez didate gezurrik esaten uzten. Arrazoi zuen amak zuzenbidea ikastea aholkatu zidanean, baina nerabe nintzen aldetik, ukatu egiten nuen belarrietara heltzen zitzaidan momentuan. Zer izan behar nuen nik legeak irakurtzen? Interpretatzen eta ikasten, nik? Hilik egotea nahiago. 16 urteko ni-ak barre egingo luke nire aurpegian, bederatzi urte baino gutxiago ez baitut eman testu zoriontsu horien artean. PI PI. Gosaria prestatzeko alarma da. Migratzaile on gisa ez dut galdu jainkosak agintzen duen bezala gosaltzeko ohitura.
Honezkero konturatuko zineten denetarako alarmak ditudala. Batez ere ondoko gelan nire alaba dagoelako. Txikia da, eta oraindik ez da erabat jabetzen amak bizi izan duen guztiaz. Neure burua ispiluan ikusten dut eta horren aldea ikusten dut, besteengandik bereizten nauena. Azal beltzarana, marroia, ezpain handi eta lodiak, begi mardulak, ez dut bat eta hirurogeita bost baino gehiago neurtzen, begi marroiak, ile beltzarana, izurtua, laxoa edo sumindua den erabakitzen ez dena. Nire jatorria erakusten duten ezaugarriak: genozidaren eta indigenaren geneen konbinazioa. PI PI PI. Berriro piztu da alarma, distraitu egin naiz, arnasa sakon hartzen dut, berandu egingo zait-eta.
Urak irakiten duen bitartean aldatu egin naiz. Pijama tolestuta utzi dut eta kaleko arropak jantzi ditut, eta nire buruak egunerako behar adina arropa kapa ote diren pentsatzen du. Oraindik ez naiz erabat ohitzen klimara. Zerbait entzun da sukaldean. Likidoa irten egin da. Primeran, lan gehiago. PI PI. Alarmak jo du berriro. Alaba esnatu behar dut.
Berriz ere urarekin jarriko dut ontzia. Alabaren gelara noa, atseden pixka bat hartzen utzi nahi diot, baina esnatu egin behar dut, bestela berandu iritsiko da eskolara. Nire zati batek ezetz dio. Denbora gehiago behar dut, nire gorputzak badaki eguna hasi berri dela. PI PI PI. Atzeratu egin nuen iratzargailua itzali beharrean. “Ama?” Banoa, erantzuten diot.
Tira, aldatu gara. PI PI PI. Denak itzali behar nituen. Gosaria prestatzen amaitzen dut, berarentzat kinua sagarrarekin berotzen dut, baso bat esne eta jogurta, gosez gelditzen bada ere. Niretzat baso bat ur, kafea eta jogurta granolarekin. PI PI PI. Baina dagoeneko gosaltzen ari gara! Itzali egin dut.
Ordua begiratzen dut, berandu gabiltza. Irribarre egin behar dut, begiratu egiten dit eta galdetzen dit: dena ondo? Bai, noski, eta irribarrez jarraitzen dut. Gosaltzen amaitu dugu, orain komunera joan behar dugu, garbitu eta orraztu. Ilea luze dauka, oso luzea, eta goizeko ordu hauetan motza izatea nahi nuke. PI PI PI. “Ama ,alarma hori zer da?” Etxetik ateratzeko ordua, maitea. Bakoitzak bere gauzak hartzen ditu, atea irekitzen dut, sentitzen dut zerbait ahazten zaidala, giltzak, nire motxila, dokumentazioa, janaria. Dena daukat, atea ixten dut. Alabak igogailua deitzen du. Barruan gaude. Ur-poteak ahaztu ditut. Itzuli egin naiz. Motxilan giltza bilatzen dut, libreta, kanpoko bateria, boligrafo bat, liburu bat, audifonoak... Non dago giltza? Motxila lurrean jartzen dut. PI PI. Mugikorra bota nahi dudala pentsatzen dut. Badakit berandu dela, berehala atera behar dugula. Giltzak aurkitu ditut.
Bizi dudan identitate hau. Ez naiz hemengoa, baina ezta hangoa ere. Guztiz nirea ez den nire identitatea. Kolektiboa da. Arropak jantzi, besarkatu eta aurrera eginarazten dit. Latinoamerikako jatorrizko herrietatik nator, baina baita Euskaditik ere.
Asko kostatu zait zer idatzi erabakitzea: beldurrezko gertaerez idatz nezakeen, baina baita itxaropenez ere. Errealitatetik egitea erabaki dut, ez baitago hori baino gauza ankerragorik.
Garondoan arnasten gaituen biolentzia. Nire herrikide gehienek zaintza/garbiketa lanetan bakarrik jardun dezakete, horietako askok ikasketa titulu bat besapean dutela. Indarkerietatik bizirik atera direnak, egunez egun indarkeria mota berriei aurre egin behar dietenak. Paperik gabeko lana, familiarik gabekoa, laguntza-sarerik gabekoa. Irratian entzuten dut migratzaileok nola etortzen garen lapurtzera, nazionalizatuari lana kentzera. Sare sozialetan sartzen naiz eta hor ere, eta batez ere hor, xenofobia eta arrazakeria bere gailurrean daude.
“Beren herrialdera itzul daitezela”, dioen pertsonarik ez da falta. Lehenago ere esana izango genuen, beren arbasoek gure lurrak inbaditu eta arpilatu zituztenean. Baina ez zaitezte engaina, ezohiko erregularizazioak mesede egiten dizue. Behar gaituzte, eta gainera mesede bat egiten digutenaren ideia saltzea errealista zaigu.
Migratzea giza eskubidea da. Gaurko euskaldunek ere hala egin zuten. Auzo askotan hiztun euskaldunen hirugarren edo bigarren belaunaldia dira, Espainiako lurraldetik etorri ziren familia horiek. Horietariko batzuk dira orain “atzerritarra” diskriminatzen dutenak, agian iraganera begirada botatzea ondo etorriko litzateke. Euskalduna dena ere eraikitzen baita. Hala ere, diskurtso arrazistak erabiltzen dira bestea, azal beltzaranekoa eta familia migratukoa mehatxua bezala ikusteko. Beste horiek euskal lurraldean jaiotako neska-mutilak dira. Euskaraz hitz egiten duten eta euskaraz bizi diren haurrak.
Zeharkatzen ditugun indarkeriek ere definitzen gaituzte, genero indarkeria, indarkeria matxista, indarkeria sexuala, indarkeria politikoa, xenofobia, homofobia, indarkeria instituzionala, indarkeria bikarioa. Ez, ez dut somatzen hori bakarrik, argi dago. Baina zein zaila den bizitzea motxila haiekin kargatzen dizutenean.