Naia Kortaberria - Marasmia talde feministako kidea
Naia Kortaberria - Marasmia talde feministako kidea

Ez ginen atzera egiteko jaio

2026/11/20

Beste urte batez, Azaroaren 25ak kaleak hartzera deitzen gaitu. Berriro ere, haserrea, mina eta amorrua ditugu arrazoi, baina baita borrokan jarraitzeko indarra ere. Azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratuz eman nahiko genioke hasiera artikuluari: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Bost bizitza, bost istorio eta hutsune konponezinak utzi dituzten bost erailketa. Haien memoria bizirik mantentzea ez da omenaldi hutsa; indarkeria salatzeko, biktimak aitortzeko eta berriro gerta ez dadin borrokatzeko modu bat da. Ezin dugu ahaztu, ezin dugu normalizatu.

Baina indarkeria matxista ez da muturreko kasuetan bakarrik agertzen. Gure egunerokoan dago, harremanetan, lan-munduan, kaleetan, etxeetan eta erakundeetan. Desberdinkeria elikatzen duen sistema baten ondorio da, eta ez emakume bakoitzak banaka konpondu beharreko arazoa. Horregatik, ezinbestekoa da egiturazko aldaketak borrokatzea: sua sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta kolonialari.

Honekin batera, kezka handiz ikusten dugu feminismoaren aurkako diskurtsoen gorakada. Are kezkagarriagoa da diskurtso horiek feminismoaren izenean zabaltzea, emakumeen segurtasuna aitzakia hartuta gorrotoa, arrazakeria eta bazterketa justifikatzeko. Argi dugu, ordea, feminismoa ezin dela inoren eskubideak urratzeko tresna bihurtu.

Izan ere, feminismoak ezin ditu emakume batzuk babestu beste pertsona batzuen zapalkuntza eta bazterketa onartuz. Migratuak, arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak ez dira borroka honen albo-kalteak, subjektu politiko eta borrokaren protagonista baizik. Haien errealitateak eta aldarrikapenak bazterrean uztea ez da feminismoa indartzea; kontrakoa, zapalkuntzak sortzen eta elikatzen dituen sistema bera indartzea da.

Horregatik, azaroaren 25ean kalera ateratzeko deia egin nahi dugu, baina konpromisoak urteko 365 egunetan iraun behar du. Eibarren ere badugu zer egin: entzun, antolatu, salatu, zaintza-sareak indartu, eragile feministak babestu eta erakundeei benetako neurriak exijitu.

Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da emakumeen ardura soilik. Gizarte osoari dagokio. Gizonek ere beren pribilegioak aztertu, indarkeriaren aurrean isilik ez geratu eta aldaketaren parte izan behar dute.

Ez gara beldurrean bizitzeko jaio, ezta atzera egiteko ere. Eibar eta Euskal Herri askeagoak, feministagoak eta bizigarriagoak eraikitzea guztion ardura da. Azaroaren 25ean eta urteko egun guztietan, feminismoz erantzun. Ez gara etxean geratuko.