FELIX MORQUECHO
FELIX MORQUECHO

Gaur egungoak

2025/03/14

2021. urtean Mark Zuckerberg-ek bere 'metabersoa' aurkeztu zuen. Erdi brometan hartu genuen mundu birtual hura, non gure abatarrak gauza pila egin ahal izango zituen benetako pertsona bat bezala. Ez naiz oraindik mundu horretan sartu, lasai, eta akaso ez dut inoiz egingo. Ez dakit errealitate bat den jada eta, egia esan, niri bost axola. Nahiko korapilatsua bada bizitza normal bat edukitzea benetako gorputz batekin, aurrez aurreko lagunak, familiak ematen dizkizun pozak eta arazoak, beharra... 

Baina metabersoraino joan gabe bada mundu digital bat hautazkoa ez dena askotan. Nork ez du entzun hurrengo erantzuna azken urteetan?

“Hau on-line egin dezakezu”.

Edo okerrago:

“Hau on-line egin behar duzu”.

Aurrez aurre edo telefonoz hitz ez egiteko aitzakia bila dagoen gazteari akaso mesede egingo diote horrela, baina gizartea ez da adin batezbesteko bat, anitza da arlo guztietan. Gaur egungo jendea? Hor ditugu gure jubilatuak informatika klaseak ematen. E-maila, watxapa, Facebooka... Zertarako? Sare sozial bat zer den bereizteko, edo web orri bat, edo jakiteko bere mobileko pantailan azaltzen dena zer demontre den, Eibar foballa taldeko orri ofiziala, Google-ek ematen digun informazioa edo YouTube-n bukatu dugu klik pare bat nahi gabe eginda.

Informazio kanalak ez dira inoiz hain zabalak izan. Horregatik bertako bideak ez dira autopistak, benetako oihanak dira. Dakienarentzat primerazko erreminta da, baina kanpotik hurbiltzen denarentzat... esaiozu bere hurrengo tramitea on-line egin behar duela. Ez dakit egun batean metaberso hori errealitea izango den, akaso lagungarri ere, baina egia borobila da gizakiok badugula benetako bizitza bat eta, zorionez edo zoritxarrez,  hemen eta orain tokatu zaigu. 2025eko belaunaldikoak ez dira 2000. urtean jaiotakoak, orain urtebete duten umeak gaurkoak dira, mende erdira hurbiltzen ari garenak ere, eta bizirik dirauten gure arbaso zaharrenak ere, denak gara 'gaurko jendea'. Eta denok gure aukera behar dugu. Kafe berdina gaur egungoentzat? Ba nik ebakia, “eta nik hutsa” dio besteak.